Abel Barriolak saihetsa eta hatz bat minberatu zituen Aimar Olaizolak aise irabazitako partidan
Imanol Magro / Berria
Beste edozein porrot baino garestiagoa, horrelakoa izan zen ostiral gauean Abel Barriolak Aimar Olaizolaren aurka galduriko partida. Finalerdiko ligaxkako partida bat galtzea nahikoa zigor ez balitz bezala, leitzarrak guztiz minberatuta bukatu baitzuen ostiral gaueko partida. Lesioak larriak ez badira ere, Aspeko arduradunek atzo arratsaldean ezin izan zuten ziurtatu Barriola heldu den asteburuan kantxaratuko den.
Iragan ostiraleko finalerdian, eta markagailuak Aimar Olaizolaren aldeko 4-8koa erakusten zuenean, Abel Barriola bortizki joan zen ezker paretaren aurka. Kolpearen ondorioz, atzelari leitzarrak aldageletarako bidea hartu behar izan zuen, bertan Aspeko mediku Jose Maria Urrutiak kolpea azter zezan. Medikuak ezker saihetsaldea minbera eta arnasa hartzeko arazoren bat topatu zizkion Barriolari. Leitzarrak, ordea, partidarekin jarraitzea erabaki zuen. Minak bere errendimenduari eragin zion, eta ezin izan zion partidari eutsi.Dena den, eta Aspek atzo jakinarazi zuenez, saihetsetako kolpea ez da Barriolak duen arazo fisiko larriena, ostiraleko partidan leitzarrak eskuin eskuko hirugarren hatza ere lesionatu zuelako. Gaua arazorik gabe igaro ondoren, leitzarra eskuin eskuko hatz luzea nabarmen handituta esnatu zen goizean, medikuak hanturaren aurkako tratamendua ezarri zion. Bizkarreko kolpea aztertu zionean, berriz, medikuak ezker saihetsetako kontusioa diagnostikatu zion leitzarrari. Barriolak hantura txiki bat dauka saihetsetan eta hatzerako bezala, medikuak tratamendua ezarri dio. Hasiera batean saihetsetako kolpeak larriagoa bazirudien ere, handituriko hatzak gehiago larritu du Aspeko zuzendaritza eta atzo goizean Barriola itxaropentsu agertu bazen ere Eibarko enpresak ezin izan zuen ziurtatu leitzarra, heldu den astean Nagoreren aurka jokatzeko gai izango den.
Kolpeak Olaizolaren garaipena erraztu zuen
Iragan ostiral gauean, Aimar Olaizolak behar baino laguntza gehiago izan zuen. Hasierako tantoetan bi pilotariak nor baino nor aritu baziren ere, errematatzen hasi bezain laster goizuetarrak agintzea lortu zuelako (8-4). Olaiozolak tantoa lantzea lortu zuen, luze jokatuz Barriola frontisetik urrundu zuen, aurrean tantoa arazorik gabe bukatu ahal izateko.
Kolpearen aurretik bere aurkaria baino hobeto jokatzen ari bazen, Barriolaren ezbeharrak lanak erraztu zizkion Olaizolatar gazteenari. Aldagelatik itzuli berritan, Barriolak hiru huts egin zituen jarraian. Ondoren, Olaizolak beste hiru tanto lortu zituen sakearekin, 15-5ekoarekin partida erabakita zegoen. Azken txanpan Leitzakoak arriskatzeari ekin zion, Nagorek Olaizolaren aurka lorturiko tanto kopurua hobetzeko helburuarekin. Leitzarrak bigarren helburua lortu zuen, eta jokatzerik badu, hurrengo astean finalerako txartela lortu ahal izango du.
BARRIOLA, 9
OLAIZOLA II, 22
Iraupena: 60minutu.
Pilotakadak: 291.
Saketik: Abel Barriolak bat ere ez, Aimar Olaizola II.ak 3.
Markagailua: 1-0, 1-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-6, 4-6, 4-9, 5-9, 5-17, 6-17, 6-20, 9-20 eta 9-22.
Egindakoak: Abel Barriolak 6, Olaizola IIak 10.
Galdutakoak: Abel Barriolak 7, Aimar Olaizolak 1
Bestelakoak: EPELek antolaturiko lau t’erdiko txapelketaren finalerdietako ligaxkako partida. Donostiako Atano III.a pilotalekua gainezka egin behar batean. Apostuetako dirua Olaizola II.aren alde irten zen, 100-60ri.