Pablo Berasaluzek binakako azken bi txapelketak bertan behera utzi behar izan ditu, min hartuta; aurtengoa, ordea, buru-belarri prestatu du, «kanporatuak izatekotan, ez dadila izan lesioengatik»
IMANOL MAGRO / Berria
Iragan larunbatean aho bete hortz utzi zituen Sestaoko pilotalekura gerturatu zituen zaleak. Joko bolada txar baten ondoren iritsi bazen ere, berak jokoan sartzea bilatu zuen; eta nola, gainera. Berrizko aurrelariak aireko jokoa dominatzea lortu eta erremate festa hasi zuen, eta, hala, partida aparta egin zuen. Berasaluze bera ere, norgehiagoka bideoan ikusi ondoren, konforme gelditu zen egindako jokoarekin, «Patxi eta biok partida ederra egin genuen».
Larunbateko partidan faborito Xala eta Lasa baziren ere, Berasaluzeren aburuz ez zen ezustea izan beraiek irabaztea, «txapelketako bikoteek maila paretsua dutelako. Partidak jokatu egin behar dira, eta hor frontoiak erabakitzen du». Hizketan alai ageri da, grinaz betea hitz bat errepikatzen du etengabe: konfiantza. «Patxi eta biok oso animatuta gaude, oso gustura eta konfiantzarekin. Ea horrela jarraitzerik daukagun, lesio eta inolako arazorik gabe».
Prestaketa ona
Lesioak eta minak aipatu ditu Berasaluzek, tamalez oso ondo ezagutzen dituelako. Binakako azken bi txapelketetan eskuetako minek eten dute Berrizkoaren jarduna; aurten, berriz, lan ugari egin du zorte txarra saihesteko: «Aurreko bi urteetako esperientzia kontuan hartuta, aurten oso ondo prestatzea erabaki dut, lesiorik ez edukitzeko. Egunero lantzen ditut eskuak, gogortuz joan daitezen». Izan ere, zail egiten zaio azken bi urteak ahaztea, «aurten kanporatuak izanez gero, galdu ostean izan dadila, ez lesio bategatik», dio.
Aurtengo txapelketa, ordea, desberdina izango dela dirudi, eta eskuak zailtzeaz gain, pilotalekuan ere gogor dihardu. Atzo goizean bi orduko entrenamendua egin zuen Beotibarren. Bertan Olaizola I.a, Begino eta Patxi Ruizekin giltzapetu zen, «partida bat jokatu eta lanean aritu gara, saio gogorra izan da».
Prestaketa gogorrean buru-belarri sartu izanak lau t’erdiko txapelketan sartu ez izanaren atsekabea ahazten lagundu diola onartu du, «kolpe gogorra izan zen, nik, ordea, lanean jarraitu dut eta emaitzak eman dizkit». Binakako txapelketaren aurkezpeneko aurreko egunetan, Mikel Unanueren hobekuntza fisikoa zela-eta berriztarraren parte-hartzea kolokan jartzera ausartu zenik egon bazen ere, berak ez zuen itxaropenik galdu. «Jende askok esan zidan jokatuko nuela, eta itxaropentsu nengoen. Halere, nik ez nuen sinetsi nahi izan baieztatu zidaten egunera arte»; aurkezpen egunaren bezpera arte, hain zuzen. Binakako txapelketan parte hartuko zuela ziurtatzearekin batera, beste albiste on bat jaso zuen: Patxi Ruiz izango zen bere bikotekidea. «Oso ondo konpontzen naiz berarekin, pilotalekutik kanpora ere oso lagun onak gara. Aurtengo udan bospasei aldiz jokatu dugu elkarrekin, eta oso gustura aritu gara». Bere bikotekidearen sasoiaz mintzatzean ere, ez da laudoriorik falta: «Atzelari onenetarikoa da; gainera, sasoi onean eta konfiantza handiarekin dago».
Olaizola II.a-Otxandorena «bikote gogorrena»
Gaur egingo duen probaren ondoren Olaizolak jokatzea erabakitzen badu, goizuetarra eta Iñaki Otxandorena izango dira Berasaluze eta Ruizen aurkari heldu den larunbatean. Berasaluzeren ustez, haiek dira «bikote gogorrena». «Aimar tartean bada, beti da zaila irabaztea».
Txapelketako beste parte-hartzaileen inguruan mintzatzean, berriz, oreka dagoela dio, «beste zazpi bikoteetatik edozein egon daiteke hor goian, guztiak maila bertsukoak direlako». Horretaz gain, hain txapelketa parekatua izateak erakargarriagoa egiten duela uste du: «Orain arte partida onak ikusi dira; ikuskizuna ziurtaturik dago».