Nagore-Barriola partida erabakigarria Iruñeko Labriten jokatuko da eta Tele 5ek emango du, baldin Barriola egun horretarako osatzen bada
ENEKOITZ TELLERIA / Sudouest
Aimar Olaizola finalean, Ives Salaberri Xala batere aukerarik gabe, eta Jorge Nagore eta Abel Barriola bizirik. Egoera horretan iritsi da EPELen Lau t’erdiko Txapelketaren finalerdietako ligaxkako azken jardunaldia. Partida bakarrak du zerbait jokoan, eta finalean aritzeko txartela da zerbait hori. Asegarce eta Aspe dira EPEL osatzen dutenak (Eskuzko Pilota Enpresen Liga), Aspekoak dira Nagore eta Barriola, baina Asegarce enpresari dagokio azken jardunaldiko bi partiden artean aukeratzea, eta partida hori aukeratu du noski joan den jardunaldian Asperi zegokion aukeratzea, eta Barriolaren eta Olaizola II.aren artekoa aukeratu zuen. Hori dela-eta jokatuko da Nagoreren eta Barriolaren artekoa, larunbatean, Iruñeko Labriten. Eta hori dela-eta emango du Tele 5 telebista kateak, egun horretan hasiko baita berriro Bainet ekoiztetxearen Fronton saioa, azken hilabeteak TVE1en zokoratuta egon ostean.
Partida nork eta noiz eman erabakitzeko hartu zuten atzo denbora, baina ez daude lotuta partida horri buruzko guztiak, oraindik. Jorge Nagorek ez zuen bere burua asko behartu beharrik izan igandean Xalari irabazteko hamaika pilota huts egin zituen Lekuinekoak eta munduko erraztasun guztiak eman zizkion, baina Barriolak min hartuta bukatu zuen ostiral gauean Olaizola II.aren kontra jokatu eta galdu zuena. Saihetsaldean hartu zuen kolpea, arnasa hartzeko arazoak ere izan zituen une batez, baina kolpe hark baino ondorio larriagoak utzi dizkio nonbait eskuin eskuko hatz erakuslearen parean sortutako ubelduak. Txema Urrutia Aspeko medikuarenean izan zen atzo, eta gaur ere bertara da joatekoa. Gero eta hobeto dauka eskua, baina EPELek adierazi dio osteguna baino lehen erabaki beharko duela jokatuko duen edo ez.
Xala ere min hartuta
Olaizola II.ak eta Xalak jokatu beharreko partidarekin ere beste horrenbeste gertatzen da. Partida non eta noiz jokatuko den erabakita dago (igandean, Eibarko Astelenan), baina jokatuko ote den ez dakite oraindik. Xalak eskuetako minez amaitu zuen nonbait herenegun Nagoreren kontra jokatutako partida, eta oraindik ez daki iganderako osatuko den edo ez. EPELek jakinarazi dio hari ere ostegunerako daukala erabaki bat hartu beharra. Araudiak argi eta garbi dio finalerdietako ligaxkan ez dela atzerapenik onartuko eta jokatzen ez duenari galdutzat emango zaiola partida (22-0).