GRAVN txapelketako eremua hartuko du eta kirol sailkapena errespetatuko du
Jon ORMAZABAL / Gara
Pilotari profesionalen aspaldiko aldarrikapen batzuk txapelketak denentzat eta sailkapena errespetatuko dituenak izateabiltzen dituen Pilota Zirkuitu profesionala aurkeztu zuen atzo Frontisek, Iruñean. Pilota profesionalean «zerbait berria» egiteko asmoarekin sortu duten zirkuitu horretan, hainbat txapelketa edo ireki jokatuko dituzte lau eta erdian eta binaka Nafarroa, Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Errioxan, hau da, amateurren GRAVN txapelketak hartzen duen eremuan eta federazioen babesarekin.
Atzo aurkeztu zuten Iruñean egitasmo hori, eta bertan aditzera eman zutenez, herrialde bakoitzean txapelketa desberdinak antolatuko dituzte Nafarroan eta Bizkaian lau eta erdian eta gainerakoetan binaka, eta denboraldi amaieran pilotari onenak bilduko dituen Master txapelketa antolatuko dute, oraindik zehazteke dagoen hiri batean. Ireki edo txapelketa bakoitzak puntuazio bat izango du eta zerrenda horren arabera antolatuko dituzte hurrengo txapelketak. Sailkapen horretako zortzi lehenengoek jokatuko dute Master txapelketa.
Denentzat
Kirol emaitzak errespetatzeaz gain, ekimen horrek dakarren berrikuntza nagusia nahi duten pilotari profesional guztiek parte hartu ahal izatean datza, betiere, lizentzia profesionala izan eta beharrezkoa den kuota ordainduz gero.
Hala ere, zirkuitua zabalduko duen Nafarroako lau eta erdiko irekia, behintzat, hanka-motz jaioko da alde horretatik, Frontiseko pilotariez gain ez delako beste inor arituko.
«Jakina da enpresa handietakoek ere parte hartu ahal dutela, baina hori egun oso zaila da», onartu zuen Inaxio Errandonea Frontiseko pilotari eta agintariak.
Orain bi urte Aspe eta Asegarcek EPELsortu zutenetik, bi enpresa horietako pilotariak baino ez dira lehiatzen enpresen ligak antolatutako txapelketetan, gainerakoak aukerarik gabe utziz. Iragan udan Frontis eta Nafarroako Federazioa saiatu ziren Nafarroako Lau eta erdiko txapelketan pilotari guztiak bilduko zituen txapelketa osatzen, baina EPELeko enpresek ez zuten onartu eta beste txapelketa bat antolatu zuten, ofizialarekin inongo loturarik ez zuena.
Heldu den asteburuan hasiko da Nafarroako lau eta erdiko irekia, eta horrek emango dio hasiera zirkuituari. Bertan Frontiseko 14 pilotarik hartuko dute parte. Udako Nafarroako Lau eta erdiko sailkapenari jarraiki, Errandonea, Armendariz, Arretxe eta Alustiza izango dira lau zerrendaburuak.
Kirol arloanizango dituen berrikuntzen artean nabarmendu behar da pilotariek ez dutela materiala aukeratuko. Zirkuituko ordezkari batek pilotalekuaren arabera hautatuko du, eta zozketa bidez erabakiko dute zeintzuk izango diren partida bakoitzean erabiliko dituzten pilotak.