Lizarrako atzelariari ez zaizkio batere gustatu Titinek eta Pascualek larunbateko kitarako partidarako aukeratu dituzten pilotak
Etzi Titin-Pascualek edo Bengoetxea VI.a-Ruizek adio esango diote binakako txapelketari. Bi bikoteek asko dute jokoan, eta atzo aukeratu zituzten kitarako partidarako pilotak, Logroñoko Adarragan (Espainia). Partida garrantzitsuen bezperetan beti komeni da hauts pixka bat harrotzea, eta horretarako pilota aukeraketa eguna ezin egokiagoa da. Adarragan, Patxi Ruiz izan zen bazterrak apur bat nahastearen ardura hartu zuena. Kanporaketako lehen bi partidetan txintik esan gabe egon ostean, atzo pilotez mintzatu zen, eta, noski, aurkarienak ez zitzaizkion gustatu. «Euren pilotak motelegiak dira, graziarik gabekoak. Ez dute hotsik egiten, Titinek aurrean jokatzeko nahi dituen irteera gutxiko pilotak dira».