Sei bikotek jokatuko dute Berria Erremonte Txapelketa 2025

Bi multzotan banatuko dira. Larunbatean hasiko da txapelketa eta martxoaren 29an amaituko da finalarekin

Andoaingo udaletxean aurkeztu da gaur Berria Erremonte Txapelketa 2025. Larunbatean hasiko da txapelketa eta sei bikotek jokatuko dute. Lehenengo fasean hiruko bi taldetan banatuko dira bikoteak eta multzo bakoitzeko bi lehenengoak sailkatuko dira finalaurrekoetara. 

Ondorengo bikoteek osatzen dituzte multzoak; A taldea: Arluziaga-Martirena, Irazu-Zubiri eta Susperregi-Apezetxea; B taldea: Goikoetxea V-Goikoetxea VI, Aiestaran VII-Aiestaran VI eta Gurrutxaga-Eskudero.

Ligaxka datorren larunbatean, otsailaren 22an, hasiko da. Bigarren jardunaldia martxoaren 1ean jokatuko da, hirugarrena 8an, eta laugarren eta azken jardunaldia martxoaren 15ean.

Talde bakoitzean denek denen aurka jokatuko dute. Set formatuan jokatuko dira partidak. Lehendabiziko biak 15 tantora jokatuko dira eta hirugarrena behar izanez gero 8 tantora jokatuko da.  Bi set irabazten dituen bikoteak lortuko du garaipena. 

2-0 irabazten duenak lau puntu batuko ditu, 2-1 irabazten duenak hiru puntu lortuko ditu.  1-2 galduz gero puntua lortuko du bikoteak. 0-2 galduta ez da punturik lortuko eta partidaren amaieran 15 tantora iristen ez denak puntu negatiboa izango du.

A taldeko irabazleak, B taldeko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du finalerdietako bat martxoaren 22an. Egun berean, B taldeko irabazleak A taldeko bigarrenaren aurka jokatuko du bigarrena.

Finala, finalaurrekoa irabazten duten bi bikoteen artean izango da martxoaren 29an, 15:15etan, eta ETB1ek eskainiko du zuzenean.

Pasa den urtean Jabalerak eta  Goikoetxea VI.ak jantzi zuten txapela eta urtero izar berriren bat agertzen da. Gazte eta etorkizuneko erremontarientzat aukera paregabea eskaintzen du Berria Txapelketak. 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE