Paxkal Ezkurrak, berriz, aurreikuspenak bete egin ditu, Larretxea menderatu baitu
SORHUET 40
ETXETO 25
EZKURRA II 40
LARRETXEA 18
Sebastien Sorhuetek eta Paxkal Ezkurrak lortu zuten atzo Arrosan Berezkoen Bakarkako finalerdia jokatzeko txartela. Bi pilotari horiek datorren igandean neurtuko dira elkarren aurka, Arrangoitzeko trinketean.
Atzoko partidako ezusterik handiena Sorhuetek eman zuen. Hendaiarra bakarka oso ongi moldatzen den pilotaria da, baina Etxeto zen faboritoa. Superprestigioa irabazita zetorren, eta aurten bere urtea izango zela ere batek baino gehiagok esaten zuten, baina atzo burua makurtu behar izan zuen.
Sorhuet beti nagusi izan zen, eta berari ihes egin gabe eusten lan asko egin ostean, beherantz egin zuen, eta hendaiarrak amaiera lasaia izan zuen. Botearekin, eta pilota sarean sartuz, min handia egin zuen.
Ezkurrak ere ez zuen izan aparteko lanik. Galtzen hasi arren, berehala eman zion partidari buelta, eta nagusi izan zen. Hark ere, hasierako jokaldiarekin, min handia egin zuen. Larretxeak airez jokatu nahi izan zuen, baina ezin izan zuen ezer egin, eta Ezkurrak, aurreikuspenak betez, aurrera egin zuen