Sparring’-en iritzia

Patxi ruiz eta jokin etxaniz. Biak ala biak izan ziren lankide lau t’erdiko finalistek atzo goizez eginiko entrenamenduetan. Bien iritziz Olaizola da faborito

IMANOL MAGRO / Berria

Igandeko finaleko bi protagonistek entrenamendu saioa egin zuten atzo goizean Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Hala Aimar Olaizolak nola Abel Barriolak egun bera hautatu zuten pilota aukeraketa aurreko azken saio gogorra egiteko. Biak ere lankide bakarrarekin aritu ziren atzoko entrenamenduetan: Aimar Patxi Ruizekin sartu zen kaiolan, Abelek, berriz, Jokin Etxaniz jarri zuen sparring lanetan.

Bergarakoa eta Lizarrakoa dira finalista bakoitzaren sasoi puntua ongien ezagutzen dutenak, eta biek goraipatu dute beraien lankideen egoera. Patxi Ruiz ordubete pasatxo aritu zen Olaizolarekin, eta tarte motz horretan bi partida jokatu zituzten. Lehena 22ra, bigarrena, berriz, hamabostera; biak ere Olaizolak irabazi zituen. Saioaren ostean Ruizek aurkariaren sasoi puntua aztertu zuen: «Aimar oso ondo dago, aurretik ere berarekin aritu izan naiz eta oso ondo ikusten dut. Konfiantza handiarekin dabil eta arazorik gabe bukatzen du tantoa».Jokin Etxaniz, berriz, ordu eta erdiz aritu zen Abel Barriolarekin. Tarte horretan «denetik» egin zuten, «partidatxoa, tantoak bukatu, defentsa… Betikoa, denetik pixka bat». Bergarako pilotari beteranoak Abelen eskua «oso ondo» ikusi zuela adierazi zuen. «Normalean baino tako gehiago jarri badu ere, ondo aritu da eta hori oso garrantzitsua da. Alde horretatik ez da arazorik egongo». Ustea eta nahia, biak bat Aspeko teknikariaren hitzetan.

Aimar da faborito bientzat

Finalistek lau t’erdiko azken partidak jokatu zituztenetik hiru eta lau aste igaro badira ere, hala Ruizek nola Etxanizek garrantzia kendu diote itxaronaldiari. Lizarrako atzelariak zalantza guztiak uxatu zituen: «Itxaronaldiak ez du Aimarren jokoa kaltetuko». Ruizen iritziz, Olaizolak lau t’erdian jokatzerik izan ez badu ere entrenamendu onak egin ditu, eta saio horietan «maila egokia hartzen da».

Ostera, Jokin Etxanizen ustez finalerdi osteko lehen astean pilota ukitu gabe egon izanak ez du Barriolaren sasoi puntua kaltetu. Azken hamar egunetan hiru entrenamendu gogor egin baitituzte , «nahikoak» zehazten du Etxanizek. Saio horietan Abel «konfiantzarekin» ikusi badu ere, «zail izango du irabazten, baina bere aukerak ditu». Igandera begira jarrita, finalisten laguntzaileek izen bera azpimarratzen dute. Ruizen aburuz Olaizola da faborito, baina Abelek «lanak emango» dizkiola ziurtatzen du. Etxanizek ere, bere ardurapekoaren aurkaria nabarmentzen du, «lau t’erdian aritzeko konpletoena delako». Barriolaren aukeren inguruan galdetuta, Bergararrak bi hitzetan laburtu zuen leitzarrak egin beharreko lana: «Oso ondo jokatu behar du». Barriolak egin beharreko joko motan zehazteko eskatuta, Aspeko teknikariak «tantoa bukatzeko orduan asmatu» egin behar duela azpimarratu zuen. Bere iritziz, «Aimarrek ez du partidarik galtzen, Aimarri irabazi egin behar zaio. Beste pilotari batzuen aurka piloteoari eutsiz gero irabazteko aukera asko dituzu, Aimarrekin, ordea, ez. Aimarri tantoa egin behar zaio». Barriolak hau lortzen badu, sake eta errestoek ere berebiziko garrantzia izango dute Etxanizentzat. Ruizek ere finalaren gogortasuna izan zuen hizpide: «Abelen eskuak partidari eusten badio, lehia luze, gogor eta piloteatua izango da». Atzelari nafarra urrunago joan zen bere aurreikuspenetan: «Finalak ez du zerikusirik izango finalerdiarekin».

Materialaren garrantzia

«Pilotak partidako gakoetako bat izango dira», Patxi Ruizen iritziz otartxoak partidaren nondik norakoa baldintza dezake. Lizarrakoak ez zuen herdoilik izan mingainean materialaren garrantzia nabarmentzean: «Abeli pilota bizia komeni zaio, horrelakorik aurkitu ezean oso zail izango du irabaztea». Izan ere, bere hitzetan, Aimarrek «hiru urte pasa ditzake jokatzen» gustuko materiala kantxaratzen badu.

Ruizek emaniko garrantzi mailara iritsi gabe, Jokin Etxanizen aburuz, pilotek zerikusi handia izango dute finalean. Bere ustetan «Abelek Aimarrek baino pilota biziagoak behar ditu, bizkorrago ibili eta frontisetik gehiago irteten direnak». Bi hitzetan: «Grazia gehiagodunak». Aspeko teknikariak desira batekin amaitu zituen piloten inguruko adierazpenak: «Ea ostegunean halakoak aurkitzeko aukera dugun».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE