Joan da beste jardunaldi bat, baina sailkapena ez da gehiegi argitu. Xala eta Barriola finalerdietan izango direla jakina da. Ligaxka amaitzeko geratzen diren neurketa bi hauetan minik ez hartzea izango da beraien helburu bakarra. Eta besteak? Nola daude beste bikoteak? Oso larri. Nik behintzat hala ikusten ditut.
Behetik gora doazen Gonzalez eta Laskurain ezik, lehiaketan aurrera egiteko aukerak duten beste guztiak nahiko justu daudela iruditzen zait. Olaizola II.ak eta Beginok, adibidez, oso ondo hasi zuten txapelketa, baina nekea sumatzen ari direla esango nuke. Beginok ez du jada hainbeste gozatzen, eta Aimarri oso oso luzea egiten ari zaio hau guztia.
Beste bikoak ere antzera dabiltza. Bengoetxea VI.ak eta Patxi Ruizek majo sufrituta gailendu zituzten Titin III.a eta Pascual, eta arnas pixka bat hartzeko aukera izan dute asteburuan. Aspeko bikoteak, aldiz, ia agur esan dio finalerdietan egoteari. Irujo eta Merino, ostera, lau onenen artean egoteko borrokan ari dira. Geratzen diren partida biak irabazi beharko lituzkete. Berasaluze VIII.ak eta Apraizek, bestetik, ia aukerarik ez dute.
Gauzak horrela, guzti guztiei sufritzea tokatuko zaie hamendik aurrera. Jardunaldi bi falta, eta denek bina garaipen eskuratu behar dituzte. Bitik bi. Iruditzen zait partida hauek azken jardunaldi honen antzekoak izango direla: joko gutxi baina emozio handikoak, berdintasun askorekin eta akats gehiegirekin.
Ea erratuta nagoen, eta partida onak ikusterik ditugun, pilotazaleok hori nahi dugu-eta.