Teknologia berrien aldeko apustua egin du pilotak


Gara

Pilota munduak ez du iraganean bizi nahi, eta etengabe ari da aurrerapausoak ematen. Beste enpresa asko bezala, pilotakoak ere Internetek duen garrantziaz ohartu dira, eta 1999. urtean Aspek webgunea sortu zuenetik Asegarcek, Frontisek, Ordagok, EPBk, Garfek eta ELPMk, besteak beste, bide berari jarraitu diote. Federakuntzek eta zaleek ere jauzi hori emateko ahaleginak egin dituzte.

Badira sei urte pilotari buruzko lehenengo webgunea sortu zutenetik. Jaio berria zen Aspe, eta Eibarko enpresak ausarki sartu nahi izan zuen kirol horren munduan.

Ordura arte maiz entzuten zen pilotazaleen arteko solasaldietan pilota iraganean bizi zela eta behar-beharrezkoa zela etorkizuna aintzat hartzea. Baina XXI. mendean sartzearekin batera egoera erabat aldatu da.

Egun enpresa profesional gehienek dute webgunea. Aspek 1999. urtean sortu zuen www.aspepelota.com gunea, baina urtebete geroago hasi zen egun ematen dituen zerbitzuak eskaintzen. 2004. urteko datuen arabera, Eibarko enpresarena da egunero Euskal Herrian gehien bisitatzen duten kirol webgunea. Dena den, Aspeko guneak izugarrizko lehia du Athleticekoarekin, bisitari gehien jasotzen duten bi webguneak baitira.

Fernando Vidarteren enpresak eskaintza zabala ematen die nabigatzaileei. Foroa da bisitari gehien izaten duen tartea, baina apustuen jokoak ere izugarrizko arrakasta izan du.

Orain dela lau urte sortu zuen Aspek jokoa, eta laugarren bertsioa jarria dute martxan. Bertan, pilotalekuetan egiten dituzten apustuetan bezala, pilotari baten edo bestearen alde egiteko aukera dago, baina dirua jokatu beharrean puntuak jokatzen dituzte. Behin puntu kopuru zehatz bat lortuta, opari ezberdinengatik trukatzeko aukera dago ­sarrerak, eskupilotak, poloak, elastikoak…­. Jokoak 2.567 parte-hartzaile ditu, eta iaz 80 opari inguru banatu zituen Aspek.

Asegarceren webguneak (www.asegarce.com) aurreneko urtebetetzea ospatu zuen joan den astean. Bizkaiko enpresak ere emaitza oso positiboak lortu ditu; izan ere, 160.000 bisitari izan baitzituen 2004. urtean.

Pilota jaialdietarako sarrerak erreserbatzeko aukera ematen du gunearen bitartez, eta horrek ezberdintzen du Asegarceko webgunea besteengandik. Dena den, Aspek ere horrelako sistema bat jartzea aztertzen dihardu.

Frontistek blogaren bitartez ematen du bere berri Interneten ­http://frontis.blogs.com­, eta enpresak jokatutako txapelketen kronikak ikus daitezke, besteak beste.

www.garfepelota.com da Garferen webgunea, eta bertan, Errioxako enpresaren pilotarien berri jakin daiteke. Juanpe Azkuneren Ordago enpresa sortuberriak ere badu berea: www.pelotaenaccion.com.

EPBk ere badu tartea ziberrespezioan, eta gunea ­www.epb.asso.fr­ euskaraz, frantsesez eta espainolez ikusteko parada ematen du.

Internetera azkena iristen Eskuzko Enpresen Liga ­www.lepm.org­ izan da. Txapelketa ofizialen arautegiak eta albisteak argitaratzen dituzte bertan, besteak beste. Federakuntzei dagokienez, Euskadikoak www.euskalpilota.com webgunea du martxan.

Horrez gain, egon badaude pilotari buruzko beste webgune batzuk. Horietatik aipagarriena www.manista.com litzateke. Pilotari profesionalekin sailkapen bat egiten dute hor.

SMS komunikazio sistema

Teknologia berrietarako azkenengo hurbiltzea Aspek eman du, futbolean ohikoa den SMS komunikazio sistemaren bitartez. Hala, azkenengo orduko albisteen berri emateko kazetarien sakeleko telefonora mezuak igortzen dituzte. Aspaldi hasi ziren hori egiten Athletic eta Real, besteak beste, eta orain pilotari iritsi zaio horretarako garaia. –

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE