Thierry Etxetok eta Rene Muskarditzek jokatuko dute berezkoen Superprestigio torneoko finala, heldu den ostiralean Garaziko Garat trinketan. Etxetok, gorriak ikusi zituen atzo Paxkal Ezkurra mendean hartu eta finalerako txartela lortzeko (39-40). A-tzelari lapurtarrak urte gozoa izan du, eta binaka irabazitako torneoei buruz burukoa gehitzeko parada izango du.
Atzoko finalerdian Etxetok sufritzen badakiela erakutsi zuen, eta Ezkurrak tarte handia ireki bazuen ere (19-30), ez zion bizkarra eman partidari. Etxetok, bere kolpeari esker, partida berdintzea lortu (33-33), eta emozioa eraman zuen Garateko harmailetara. Ezkurrak azken txanpan bere jokoa berreskuratu zuen, eta finaletik tanto bakarrera gerturatu zen (36-39). Saketik eginiko falta batek, ordea, Etxeto berpiztu zuen. Oparia aprobetxatu zuen, eta errenkadan eginiko hiru tantorekin finalerako txartela lortu zuen. Etxetok Rene Muskarditz izango du aurkari finalean. Muskarditzek iragan igandean lortu zuen finalerako sailkatzea, Sorhueten aurka kostata irabazi zuenean (40-38). Sakea izan zen Muskarditzen armarik onena, garazitarrak bederatzi tanto lortu zituen lehen pilotakadarekin.