Aspekoak ez du pilotarik aukeratu Labriten, EPELeko hautatzailearekin kontuak argitu dituen arren
IMANOL MAGRO / Berria
Titinek emaniko hitza bete zuen atzo Labriten. Aurrez esan bezala, ez zuen pilotarik hautatu larunbatean Ruizen aurka jokatuko duen Lau t’erdiko Txapelketako finalerdietako partidarako. Bere ordez, eta arautegiak zehazten duen moduan, EPELeko pilota hautatzailearen eta Aspeko intendenteen artean hautatu zituzten Titinen pilotak.
Labriteko pilota aukeraketak ikusmin handia sortu zuen. Hirurehun ikusle inguru bildu ziren liskarraren usainera. Ruizek prentsaren aurrean esan zuen lehen esaldia da atzoko giroaren laburpen onena: «A zer nolako morboa dagoen hemen!». Liskar mina, baina, hasi baino lehen hoztu zen, ordurako Titinek eta Juan Mari Juaristik elkarri esan beharrekoak argituta baitzituzten. Aukeraketaren aurretik Juaristik bazekien Titinek ez zuela pilotarik aukeratuko, iritsi bezain laster Triciokoarekin (Errioxa, Espainia) hitz egin baitzuen. Titinekin izandako solasaldiaren ostean lasaiago zegoela onartu zuen. «Titinekin hitz egin dut eta lasaiago nago, berak garbi utzi baitit ez duela nirekin inolako arazo pertsonalik». Azken egunetako zalaparta argitze aldera, Juaristi EPELeko buruekin bildu zen herenegun, Eibarren. Bilera hartan entzundakoek asko lasaitu zutela onartu zuen, eta enpresen ligako buruek adierazi zioten konfiantzari esker ez duela kargua utzi. «Egunotan dimisioa ematekotan egon naiz, hau ez baita nire lanbidea. Herenegun Bidartek eginiko adierazpenek, eta atzoko bileran entzundakoek asko lasaitu naute. EPELeko buruak gustura daude nire lanarekin eta hori da garrantzitsuena niretzat». Titinek ez zuen ika-mikan sakondu nahi izan. Juaristirekin ez duela inolako arazorik zehaztu zuen, eta kritikak bere lanari buruzkoak zirela. «Nik ez dut inolako arazo pertsonalik berarekin. Nik bere jarduna kritikatu dut, ez zaidalako bere hautatzaile lana gustatzen. Bera lasaitu bada pozten naiz, baina nik ez dut iritziz aldatuko, eta bere lana gustatzen ez zaidan bakoitzean garbi esango dut». Azken egunetako zalapartak ez duela bere jarduna kaltetu esan zuen Titinek, eta bera ez zela izan kexatu zen lehena. «Aurreko partidan Olaizola izan zen kexatu zena, berak nire pilotak txarrak zirela esan zuenean. Nik ez dut hasi zalaparta, Gonzalezen aurkako partidan ere enpresak niri mesede egiteko pilotak sartu zituela iradoki zen. Isiltzeaz nazkatu naiz, eta eztanda egin dut, baina ni ez naiz kexatu den lehena». Hala, Olaizolaren aurka ez zuela piloten erruz galdu esan zuen, eta bere adierazpenak ez zirela porrota justifikatzeko izan.
Titinek eta Ruizek oso beltz ikusten dute finalera iristea
Ruizek eta hautatzaileak antzeko pilotak aukeratu zituzten, laurak bote ertainekoak eta nahiko indartsuak. Ruizek 105,5 eta 104,4 gramoko pilotak aukeratu zituen. Juaristik, berriz, 104,7 eta 103,6 g-koak Titinentzat. Ruizen ustez hautatzaileak lan ona egin zuen, Titinentzat aukeraturikoak errioxarraren jokorako egokiak iruditu baitzitzaizkion.
Ruizek eta Titinek oso zail dute finalerako sailkatzea, eta biek igandeko partidaren zain egon beharko dute. Lizarrakoak Titinek baino aukera gehiago ditu; halere, finala urrunegi dagoela uste du. «Xalaren aurkako partidaren ostean ia ez dut aukerarik, oso zaila da. Ni larunbatean irabazten saiatu behar naiz, eta iritsi beharrekoak igandean etorriko dira. Titinen aurka jokatzeak ilusio handia egiten dit, gustukoen dudan pilotaria baita». Ruizen aukerak urriak badira, Titinenak are urriagoak. Triciokoak badaki hori. «Nire aukerak? Ehuneko bat, asko jota. Finalean sartzeko lehenbizi zortzi tanto baino gutxiago jaso behar ditut, eta Ruizen sasoiarekin hori ezinezkoa da».
PROTESTA KEINUAK AUKERAKETETAN
Olaizola I.ak eta Zearrak iaz bi pilota bakarrik hautatu zituzten
Piloten inguruko ika-mikak pilota jokoa bera bezain zaharrak direla esaten dute pilotariek. Desadostasunaren ondorio, pilotariek protesta keinuak egin izan dituzte. Atzo Titinek pilotarik ez hautatzea erabaki zuen, baina ez da txapelketa batean horrelako erabakiren bat hartzen den lehenbiziko aldia. Azken aurrekaria iazko Binakako Txapelketan izan zen, Juan Mari Juaristi hautatzaile zela. Final-laurdenetako kitarako partidan Asier Olaizolak eta Oier Zearrak bi pilota bakarrik aukeratu zituzten, eta hirugarrena hautatzaileak aukeratu behar izan zuen. Ordukoan, Asier Olaizolak bikote bakar batentzako pilotak aurkitu zituztela esan zuen, eta hurrengo aldian pilotak enpresak hauta zitzala iradoki. Egoera xelebrea izan zen, Olaizola II.a eta Otxandorenaren aurkako partida izanda, pilota guztiak Asegarcek eraman zituelako.