TOLOSA ETA HERNANI SARTUKO DIRA LEHIAN

XV. Berria Txapelketako final-zortzirenek jarraipena izango dute larunbat honetan, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Besteak beste, etxeko taldeak Ultzamako Buruzgaini egingo dio aurre, 19:00etatik aurrera. Ultzamarrak Errenteriako EPLE kanporatzetik datoz, baina gauzak oso ondo egin beharko dituzte Tolosari irabazteko, gipuzkoarrak faborito aterako baitira. Ondorengoak izango dira partidak.

 

TOLOSA – BURUZGAIN

Kadeteak : Altuna – Ugartemendia / López de Zubiria – Elizondo

Gazteak : Goikoetxea – Etxeberria / Diez de Ulzurrun – Arce

Nagusiak : E.Labaka – Telletxea / Iriarte – Sarasa

 

Lehen partidatik hasita, oso faborito aterako da Tolosako taldea. Kadeteen mailan Gipuzkoako txapeldunak ditu, Altuna eta Ugartemendia, eta Lopez de Zubiria eta Elizondo nafarrek lehen kanporaketan sentsazio onak azaldu bazituzten ere, zail izango dute ezustea ematea. Altuna nabarmendu daiteke partida horretan.

Gidoi bera aurreikusten da gazteen neurketarako ere. Tolosak atzelari indartsua dauka, Etxeberria, eta Goikoetxea aurrean duela, bikote sendoa osatzen dute. Diez de Ulzurrun eta Arce gai dira puntu hori eskuratzeko, baina faborito garbi izango dira gipuzkoarrak.

Nagusietan, berriz, kalitate izugarriko lehia espero da. Eneko Labaka eta Telletxea albizturtarrak maila honetan sendotutako pilotariak dira, baina Iriarte eta Sarasa nafarrak ere momentu bikainean daude. Atzelariak Gravni txapelketa irabazi berri du, eta zer ikusia egongo da partida honetan

——————————————————————————————————–

 

Asteburuko bigarren kanporaketa Hernaniko pilotalekuak hartuko du, eta etxeko taldeak Zeanuriko Joko Alairen kontra neurtuko ditu indarrak. Bizkaitarrek erakustaldi galanta egin zuten lehen kanporaketan Oñatiko Aloña Mendiren aurka, eta Hernaniri ere kontuak ederki estutzeko gaitasuna badu. Kanporaketa orekatua espero da.

 

HERNANI – JOKO ALAI (ZEANURI)

Kadeteak : Uitzi – Oiartzabal / Erkiaga II – Emaldi

Gazteak : Salaberria – Insausti / Urigoitia – Erkiaga

Nagusiak : Ojuel – Lizeaga / Mendia – Beobide

 

Historia handiko taldea da Hernani Berria Txapelketan, eta lehen parte hartzea du aurtengoa Zeanurik. Bada, historiari eusteko gauzak oso ondo egin beharko dituzte hernaniarrek, lehen partidatik hasita. Kadeteetan oso faborito aterako dira zeanuriarrak, Euskal Herriko txapeldun ordea baitituzte: Erkiaga II.a eta Emaldi. Aurrelaria distira handikoa da, eta Uitzi eta Oiartzabal gipuzkoarrei sufritzea egokituko zaie.

Partida orekatuagoa espero da gazteen mailan, baina hemen ere faborito samar izango da Zeanuri. Erkiaga I.ak Gravni txapelketan parte hartu du, eta bikote sendoa osatzen du Urigoitiarekin. Azken horrek erakustaldia eman zuen lehen kanporaketan. Salaberria eta Insausti hernaniarrak sasoi onean daude eta guztiaren premia izango dute.

Nagusietan, azkenik, Hernaniren alde daude pronostikoak, Ojuel eta Lizeaga kantxaratuko baitira. Aurrelaria Euskal Herriko txapelduna da, atzelaria Gravniko txapeldunordea, eta oso bikote ona osatzen dute biek. Joko Alaik Beobide Asegarceko pilotari ohia kantxaratuko du Mendia gaztearekin.

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE