TOLOSA ETA OBERENA, PREST FINALERAKO

AURRERA

Pilota elkarteen arteko txapelketarik garrantzitsueneko finalak jokatuko dira datorren larunbatean Hernaniko Udal pilotalekuan, 17:00etatik Aurrera, San Joan jaien egitarauaren barruan. Izan ere, XV. Berria Txapelketako irabazlea nor den jakingo da: Tolosa edo Iruñeko Oberena. Besteak beste, bi talde horiek izan dira indartsuenak orain arteko bidean, eta dena emango dute txapelak burura eramateko helburuz. Finalera iristeko, Tolosak kanpoan utzi ditu Ultzamako Buruzgain, Zeanuriko Joko Alai eta Azpeitiko Ilunpe. Oberenak, bere aldetik, gauza bera egin du Munitibarko Lea Ibarrarekin eta Lazkaoko Lapkerekin. Hortaz, ikuskizunik ez da faltako.

 

Ondorengo pilotariak izango dira protagonista kantxa barruan.

AURRERA-TOLOSA / OBERENA

Kadeteak: Altuna – Ugartemendia / Laso – Igoa

Gazteak: Lasa – Etxeberria / Oskoz – Ganboa

Nagusiak: Labaka – Telletxea / Ansa – Cordon

 

Kadeteen artekoak ezaugarri guztiak izango ditu norgehiagoka ona eta gogorra ateratzeko. Ziurrenik, Tolosako Altuna eta Ugartemendia faborito izango dira, Gipuzkoako txapeldun direlako eta oso momentu onean daudelako. Orain arteko hiru partidetan erakustaldiak eskaini dituzte. Hori bai, Oberenako Laso eta Igoa ere goi mailako pilotariak dira, eta haiei irabazteko lana erruz egin beharra dago. Igoak bi esku bikain ditu, eta Lasok ere badaki tantoak aurrean bukatzen. Hortaz, ez dago pronostiko garbirik.

Gazte mailari dagokionez, Oberenak faborito izan behar zukeen, baina Matak ezin jokatuko du lesio baten erruz, eta horrek kontuak berdinduko ditu. Lasa eta Etxeberria ariko dira Tolosaren izenean, eta Oskoz eta Ganboa Oberenarenean. Bi aurrelariak dira errematatzaileak, eta atzelariak sendoak. Egun onena izaten duenak asko izango du irabazita.

Azkenik, nagusien partidarekin amaituko da jaialdia, eta baliteke finala bertan erabakitzea. Esperientziaren alde egingo du Tolosak Eneko Labaka eta Telletxea kantxaratuta, eta gaztetasuna kantxaratuko du Oberenak Ansa eta Cordonekin. Nafarren aldetik pilotari mordoa aritu dira txapelketa honetan, eta entrenatzailea bi horien aldeko apustua egingo du finalean. Zail izango dituzte kontuak gipuzkoarren aurrean, bikote sendoa eta elkar ondo ezagutzen dutena osatzen baitute albizturdarrek.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE