TOLOSAKO DESAFIOA JULEN TXAPELDUN, ANTTON MVP!!

Jai Alai News

BARANDIKA-ANTTON TELLERIA 8

JULEN TELLERIA-LEKERIKA 10
Partidua osorik:
https://www.youtube.com/watch?v=BRctwMAfDqQ


Zesta zaharrari hautsa kendu eta kantxara ateratzeko prest agertu dira Telleria anaiak Tolosako Beotibarren. Zesta punta indarra hartzen ari da Euskal Herrian, modako kirola bihurtu da eta bi anaia tolosarrek lekua izan nahi dute udako txapelketa garrantzitsuetan. Maila badutela uste dute, gaztetan demostratu zutelako. Tolosako zesta-eskolako bi harribitxiak dira: Julen eta Antton Telleria anaiak.

31 urte ditu Julenek, 28 Anttonek. Kazetari, komunikatzaile edo umoregile bezala egin dira ezagun Euskal Herri osoan, baina beraiei galdetuz gero benetan zer diren, argi erantzungo dizuete: «Pilotariak gara, eta punto! Berriz jaioko bagina, berriz pilotariak, inolako zalantza gabe gainera».

Jakina da Julen Telleria Gipuzkoa txapeldun izan zela gazte mailetan, eta Daniara joateko aukera ere izan zuela. Irratian dagoeneko hasita eta telebistara joateko gertu, ezetz esan behar izan zion Floridako aukerari. Anttonen kasuan, maila baxuagoko frontoi batetik jaso omen zuen eskeintza. Fort Pierce Jai Alaitik, hau ere Floridan baina iparralderago. Urte osoko denboraldia beharrean, hiru-lau hilabetekoa eskeini zioten baina Antton ez omen zen enpresa estatubatuarrarekin adostasun batera iritsi. Soldata dolarretan beharrean, kripto-txanponetan eskatu zuen. Anttoni berari galdera eginda, ez digu informazio hau ukatu. «Aurrera begiratu nahi dut eta udako txapelketaren batean jokatu. Ez ditut iraganeko kontuak gogoratu nahi».

Tolosako desafioan, hasierako asmoa, anaia biek Barandika eta Lekerikaren kontra jokatzea zen. Baina Telleriatarrak garaitezinak dira Beotibarren. 42 metro luze ditu frontoiak, Gernikakoak baino 15 metro gutxiago. Txoko guztiak ezagutzen dituzte Julenek eta Anttonek. Beraz, gernikarrekin nahasian jokatzea erabaki dute partiduak kolore apur bat izan dezan. Xabierekin jokatu du Anttonek, eta Unairekin Julen. Esatari lanetan Xabier Euzkitze. Baita epaile lanetan ere, tantu polemikoren batean erabakirik hartu beharko balitz.

Zalantza asko egon da Telleriatarren inguruan. Onak dira bai, baina nola iritsi ote dira desafiora? «Enkantxatuta» ote daude? Partidua 10 tantura adostu dute, eta hasi eta berehala argitu dituzte zalantza guztiak.

Barandikak sakea atera eta Julen aire sartu da jokoa dominatuz. Hala ere, Antton izan da lehenengo tantua egin duena, zabalekoa botata. 1-0 gorrien alde. Ikaragarria. A zer nolako jokaldi teknikoa!

Bigarren tantoan piloteoa izan da nagusi, Antton eskuinarekin min egiten saiatu da baina Julen sartu eta horma bikoa bota du sahietseko posturan. La classe! 1-1.

Telleriatarretan zaharrenak konfiantza hartu du eta ñakua edo dejada bota du zazpi koadrotik, eta baita tantua egin ere. Guztiz engainatu du Barandika. 1-2. Nora begira, Xabi?

Urdinak tartea zabaltzen hasi dira. Lekerikak errebesez bien artera bota eta Antton erabat lekuz kanpo geratu da. Errebotez ere ahalegin du da baina ez du lortu, eta eskerrak! Lekerikak burua makurtu eta aurpegia eskuarekin babestu du, badaezpada. 1-3, eta oraindik denak bizirik

Tentsioa handia izan da. Julen sakea ateratzera joan denean, Anttonek traba egin dio baina epaileak jarraitzen utzi du. Pilotaren hasierako jaikia edo botea zuzen ematen zuen begiratzera joan da Tolosako atzelari handia. Tantoa hala ere Barandikak egin du horma bikoz. Julen iritsi da, baina sarearen kontra katiatuta geratu da, eta ezin izan du pilota itzuli. 2-3. Konfiantza gutxierkin eta beldurti tantu horretan Julen.

Hurrengo tantuetan, Tolosako bi pilotariak jeitsi egin dira mailaz zertxobait. Lekerikak ezker hormaren kontra ondo jarri du pilota eta Anttonek huts. 2-4. Hurrengoa berriz Barandikak egin du, errebotez. 3-4. Julenek hala ere, maila fisiko altua erakutsi du. Korrika saio exijenteak egiten ari da aspaldian (ez al diozue ba Instagramen ikusten?)

Badaki onenekin jokatzeko fisikoki topera egon beharra duela. Txokoan defentsa lan ona egin du eta ondoren pilota errebotera bidali. Anaia gazteak bazuen pilota eramateko aukera, baina bere burua lurrera botatzeari uko egin dio Anttonek. 3-5. Alferrikako esfortzurik ez egitea da Anttonen lema nagusia. Ronaldoren moduan.Urdinek bi tantuko aldea hartu duten bakoitzean, gorriek berriz murrizten zuten. Julenek ez du sakean asmatu eta Barandikak txokoan bukatu dio tantua. 4-5. Gorriek partida berdintzea ere lortu dute. A ze piloteoa Anttonek! Errebesez seguru agertu da eta tantoa ondo dominatu ondoren, Julenen hutsegitea behartu du. 5-5. Anaia zaharraren debilidadeak ondo ezagutzen ditu gazteak.

Hala ere, urdinak berriz aurretik jarri dira berehala. Telleria I-ak pilota bikain baztertu du eta Barandikak ezin izan du zesta barruan sartu. 5-6. Hurrengo bi tantuak sakez egin ditu Julenek. Lehenengoa bere alde, 5-7 baina hurrengoa falta eginez. Laburregi atera du Julenek. 6-7. Beotibarren labur ateratzen baduzu Julen, Gernikan zer egin behar duzu?

Gorriek partidua berdintzea lortu dute ondoren tantu gogor baten ostean. Julenek bi pareta bota du baina iritsi egin da Barandika. Anttonek pilota oso zailak sartu ditu defentsan eta azkenean Julenek egin du huts. Txularen bila joan da baina goiko sarea jo du. 7-7. Partidaren momentu honetan presioak gehiago egin dio Juleni. Bere mailako pilotari batek egiten ez dituen hutsak egin ditu.

Gorriek harrapatu bai, baina pasatu ezin. Behin eta berriz gertatu zaie gauza bera. Anttonek, beste behin, pilota oso zailak sartu ditu, errebesez eta oso goian. Ikusgarria izan da defentsa lana baina azkenean eskubiz egin du huts Telleria gazteak. Partiduko azken txanpa honetan, fisikoki «Nekatutak» igerri zaio Anttoni. 7-8.

Badaude kirolari batzuk, gauza zailenak egiteko gai direnak, baina gero errezak ere huts egiten dituztenak. Beharbada ez dira irabazle petoak, baina ikuskizuna ematen onenak dira. Hori da Antton Telleria. Julen segurua eta zehatza da, Antton berriz, artistagoa. Pasioak altxatzen ditu. Tantu honetan a ze pelota sartu duen errebesez, eskuineko hanka paretean jarri eta jauzi eginda. Pilotaria da, baina toreroa ere bai. Ondoren huts egin du, baina nori axola zaio? Markagailuan 7-9 urdinak aurretik, baina Beotibarko txaloak Anttonentzat izan dira.

Tanto faltan jada urdinak. Estatu Batuetatik ekarri duten «Possible Game Point!» ohikutau du. Baina game-pointik ez dago, sakea aurkariari oparitzen badiozu. Horixe egin du Julenek eta Barandikak horma biko prefektuarekin erantzun dio. 8-9 eta partidua benetan estu!

Partiduko azken tantoa zesta-eskola guztietan erakusteko modukoa izan da. Sakea Barandikak, ondo arrimatuta. Lekerikak errebesez 9 koadrora bota du, Antton aire sartzen ahalegindu da baina huts egin du. Pilotak atzeko horma jo eta partiduko erreboterik ikusgarriena eraman du Anttonek berak! Julenek esku eskuan izan du tantua baina eskuinarekin atzera bota du, txik-txakaren bila. Anttonek ez dio utzi, eta pilota zaila eraman du. Julenek berriz kantxa erdian pilota hartu eta errebesez, ikaragarrizko bi pareta bota du. Perfektua! Indarrez eta txapa gain-gainean! Nolako amaiera! Pilotalekuan benetako «katarsia» eragin du Julen Telleriaren tantu bikainak!

8-10 irabazi dute desafioa, Julen Telleriak eta Unai Lekerikak. Hala ere, kantxan galdu izan balute ere, partidua bulegoetan irabaztea pentsatu zuten jada. Antton kantxara praka motzetan agertzea arau-hauste handia da eta Federazioak partidua galdutzat emango lieke gorriei, inork helegiterik aurkeztuz gero. Hala ere, kasuistika hori ez da gertatu, eta garaipena polemika gabekoa izan da.

Ospakizunak Miamin egingo dituzte Julenek eta Lekek, eta errebantxa ere bertan jokatu nahi dute Barandikak eta Anttonek, hala adierazi dute Gaztea irratiko mikrofonoetan. Dagoeneko negoziatzen ari dira, bai Daniako eta bai Magic Cityko arduradunekin Miami Herald egunkariak jakinarazi duenez, martxoa amaitu aurretik itxiko dute tratua.

Hala ere, zestaren etorkizuna Euskal Herrian dago, atzerriko txapelketa puntual batzuk kenduta. Tolosako Udala zestaren olatu berriarekin konturatu eta Beotibarren Jai Alai txapelketak antolatzeko aurrekontuak eskatzen hasi dira.

Telleria anaien asmoa argia da. EITB utzi eta bizimodua Jai Alai Player bezala ateratzea!

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE