Gaur hasiko da Lekeitioko sanantolinetako torneoa; izen handien faltan, jaialdi oso orekatuekin
IMANOL MAGRO – Berria
Sei dira uda oro pilota munduaren ikusmin guztia biltzen duten torneoak. Pilota munduko izen handiek, Iruñetik hasita, Gasteiz, Zarautz, Donostia, Lekeitio eta Logroño zeharkatzen dituzte, uztailetik San Mateo egunera bitarte. Torneo horiek udako beste jaialdiek ez duten lehiakortasuna izaten dute. Telebista bertara joaten da, eta egunkariek torneoko emaitzekin irekitzen dituzte pilota saileko berriak.
Aurten, lehen torneoek fruitua eman dute, eta enpresek balantze onak aurkeztu dituzte. Are gehiago, Zarautz Hiria torneoa iazko hiru jaialdietatik aurtengo bost jaialdietara pasatu da; lau bikote izatetik, sei bikote izatera alegia. Halere, EPELek aurten torneo bat umezurtz utzi du, bertan udako izen handiak ez baitira egongo.Hau da, ez Titin, ez Irujo lesioagatik, ez Olaizola II.a, ez Pascual, ez Otxandorenatorneoan behintzat, ez Beloki ez beste hainbat izen ere ez dira Lekeitioko torneoan kantxaratuko. Horretaz gain, aurtengo udan zalantza ugari sortu dituzten beste pilotari batzuk bertan arituko dira: Patxi Ruiz, esaterako, edo azken hilabeteotan erregulartasun gutxirekin aritu den Abel Barriola.
Gaur, Leiza-Ruiz eta Xala-Elkoro (17:00)
Sanatolinetako torneoak gaur ezagutuko du torneoaren lehen bikote finalista. Lehen finalerdian, Iñigo Leizak eta Patxi Ruizek (Asegarce), Ives Salaberri Xala eta Aitor Elkororen aurka jokatuko dute (Aspe).
Torneo honetako programako ezuste handiena Iñigo Leizaren parte-hartzea izan da, bizkaitarra Asegarcek Lekeition jokatzeko erakargarria izan zitekeela uste izan baitu. Azken asteotan hainbat jaialditako partida nagusiak jokatu ditu, eta sanantolinetan «espero ez» zuen aukera estimagarria jaso du. Lemoarra jokalari urduria da, eta gaurkoan «kirioak airean» dituela kantxaratuko dela onartu du. Aurkari izango duen aurrelariari buruz, aldiz, «oso indartsu» dagoela nabarmendu du, eta egun «Martinez Irujo baino arriskutsuagoa» ote den lorea ere bota dio. Izan ere, sasoiko dagoen Xala izango du aurrean. Agian ez zaio arrazoiarik faltako Leizari, eta baliteke Aspek abantaila atera izana azken orduan egin duen aldaketa behartu horrekin. Hatza apurtu duen Irujoren ordez sartu da Xala Lekeition, Donostia Hiria Torneoan erakutsiriko joko maila altuari eusteko asmoarekin. Lekuindarrak, jokatzen duen partida bakoitzean, lezioren bat ikasten du, eta aurtengo udan tantoa bukatzeari lotsa galdu dio. Binakako txapelketa irabazi zuenean, errekurtso bakarra atzera jotzea bazuen, uda honetan errematatzen ere badakiela erakutsi du, eta binakako beste aurrelari handien pareko gantxoa duela. Gaurkoan irabazi nahi izanez gero, Leizak eta Ruizek ezin diote lekuindarrari jokoan sartzen utzi. Horretarako, Elkoro lanez zamatu beharko dute, eta piloteoan agindu. Elgetakoak duenik eta onena eman beharko du gaur, bere eskuetan baitago garaipena. Elkorok piloteoari eusten badio, eta Xala jokoan sartzen bada, garaipenerako urrats gehienak eginak izango dituzte. Hori saihesteko, udan maila eskasa eman duen Patxi Ruiz arituko da. Lizarrakoak ez du erakutsi txapeldun izan zeneko kolperik orain arteko torneoetan. Gaurkoan, ordea, aurkari ahulagoa izango du, Elkoro ez baita Pascual. Hori bai, agindu ezean, zail izango du garaipena.