Enekoitz Telleria / Berria
Zenbait bider entzun ote dugu honez gero. Ederra dela txapela irabaztea, txikitatik amestutako hura inoiz buru gainean izatea. Ez dagoela sentimendu hori baino politagorik. Zirrara eragiten duela. Sekulakoa dela. Demasa.
Zenbait bider entzun ote dugu honez gero. Ederra dela txapela irabaztea, baina galanta dela txapelaren zama. Erantzukizun handia dela pilotari batentzat buruz buru beste guztien gainetik gelditu izana. Gehiago eskatuko diotela horregatik, hari begira arituko direla horregatik, eta gutxiago barkatuko diotela horregatik. Irabazteko egin duen ahaleginaren parekoa izaten dela askotan txapela urte osoan duintasunez eramateko egin behar dena, alegia.Oinak lurrean eta buruan txoririk ez. Hori da nonbait sekretua. Umiltasuna eta ausardia proportzio egokian. Harrotasunetik dezente, eta harrokeriatik gutxiago. Esatea da egitea baino errazagoa, baina egiten ez denetan esateak ere egokia behar luke izan.Juan Martinez Irujo txapeldunak 24 urte dauzka. Urte eta erdian lehertu da eta parean harrapatutako guztiak hartu ditu berarentzat, jo eta hautsi. Horren denbora gutxian horrenbeste lorpen barneratu beharra ez da erraza inorentzat, eta arrisku asko ditu. «Ni betikoa naiz, ez naiz ezertan aldatu» hori kantxaz kanpo bezala erakutsi behar izaten da kantxa barruan, eta ez dut uste kantxa barruan txapeldun baten jarrerarik ikusten ari garenik joan den larunbatekoa izan zen ginga.«Nortasun handiko pilotaria» dela, «odolberoa» dela esateak ez du balio frontoian eta kantxa gainean gaizki eginda daudenak ezkutatzeko. Epaileei aurrez aurre oldartu eta kristorenak eta bi esan, kontrarioei imintzioka hasi, gaizki egindakorik ez dagoen tokian gaizki egindakoak ikusi, eta modu horretan erreakzionatzeak zerikusi gutxi du nortasun handi horrekin. Badaude bideak bakoitzaren ezadostasuna beste modu batera adierazteko. Horrela jokatzeak, izan ere, arrisku asko ditu. Zaleen babesa lortzea erraza izaten da denak aldekoak eta itsuak badira. Pilotak, ordea, sekretu gutxi du eta kantxan ikusten dira ikusi beharrekoak pilotariei eurei horrenbestetan entzutearen poderioz barruraino sartzen dira esaldi batzuk. Txapeldunari txistu egin zioten larunbatean. Pilotak sekretu gutxi duelako egin zioten txistu, ikusi beharrekoak kantxan ikusten direlako egin zioten txistu. Horrela jartzeko arrazoirik ez zuelako egin zioten txistu.Badira pilotariak apartak direnak. Inork gutxik dituen dohainak dituztenak. Haien joak, haien errematerako erraztasunak, haien ausardiakÉ txundituta uzten dituzte denak, eta barkatu egiten zaie sobera. Errazagoa da hamar pilota txapapera bota dituena kritikatzea, zortzi bota baina beste inork egingo ez lituzkeen bi tanto egin dituena kritikatzea baino ez dago adibide bila urrutira joan beharrik. Juan Martinez Irujo oso noizean behin sortzen diren ale bakan horietakoa da. Behin jokatu eta behin txapela irabazi duen bakarrenetakoa. Ez du imintzioka eta biraoka jendaurrean nabarmendu beharrik, pilotari aparta dela adierazteko. Horrela aritzen direnak, normalean, euren apartekotasuna galdu dutenak edo inoiz izan ez dutenak izaten dira. Edo txapelaren fama eta zama neurtzen jakin ez dutenak.
Boteprontoan: Famaz eta zamaz ari garela, aitortu dezadan gu ere esku-huskaren fama gehiegizkoaz kutsatuta ari garela aspaldian. Duena baino pisu handiagoa ematen diogula askotan, zama bihurtzeraino. Badituela pilotak beste hainbat modalitate, oharkabean pasatzen direnak. Trinketa, esaterako. Igandean jokatu zen Baionako Modernen Berezkoen finala. Patrick Ozafrainek irabazi du, bigarren urtez jarraian (40-17). Andre Kurutxari kontrarioak lehen txapelketa zuen aurtengoa, eta bost kanporaketa gaindituta sartu da finalean inork sekula lortu ez duen balentria. Irujoren fama eta zama arazorik ez dute haiek gurean. Tamalez.