Txapeldun beste behin ere

Martin Alustiza beteranoak irabazi du Nafarroako Lau t’erdiko Irekia, Armendariz menderatuta
Berria

Martin Alustiza pilotari beteranoak irabazi du Nafarroako Lau t’erdiko Irekiko finala. Eroso menderatu zuen Armendariz, 22-11, eta oraindik aurreko koadroetarako dohainak badituela erakutsi zuen.

Partida serioa jokatu zuten bi pilotariek ere, eta partida hasiera oso estua izan zen. Launa berdinduta egon ziren, baina orduan segurarrak dakien guztia atera zuen, eta tartea handituz joan zen pixkanaka. Defentsan oso ondo aritu zen uneoro, bere urte onenetan ohoi zuenez, eta horretaz gain, Armendariz kantxan alde batera eta bestera mugitu zuen behin eta berriz.Armendarizek huts nabarmenik egin ez bazuen ere, tanto erabakigarri batzuk galdu zituen, eta horrelakoetan Alustizak ez du barkatzen. Tantoa dominatzetik dominatua izatera pasa zen huts horien erruz, eta horrela gertatu izan ez balitz, partida estuagoa izango zatekeen bigarren erdian.13-9tik 18-10era igaro ziren, ordea, eta Armendarizek garaitua zirudien ordurako. Beste tanto bat egiten asmatu zuen, baina segurarrak alde handia izateaz gain jokoan zegoen, eta alferrik izan zuen jada ezer egitea.Bigarren eta hirugarren posturako beste bi beterano aritu ziren norgehiagokan. Arretxek Errandonea I.aren kontra jokatu zuen hirugarren izateko, eta 16an utzi zuen. Luzaidekoak partida biribila osatu zuen, eta denetik egin zion aurkariari. Errandoneak gehiago merezi zuen, baina gauzak ez zitzaizkion behar bezala atera atzo.Atzoko garaipenaren ondoren, Bizkaiko irekian zerrendaburu izango da Alustiza urtarrilean.

Bengoetxea eta Ruiz nagusi Ortuellan (22-15)

Gabonetako torneoak ere izan du hasiera. Herenegun gauez jokatu zen Asegarceren adarreko final-zortzirena, eta bertan Bengoetxean VI.a eta Patxi Ruiz nagusitu ziren nahiko tarte handiarekin. Irabazleek 22-15 irabazi zieten Pablo Berasaluzeri eta Iñaki Otxandorenari. Emaitzak bestelakorik izan zela pentsarazi badezake ere, partida gogorra eta zaila izan zen, eta bi bikoteak elkar ezin dominatuta ibili ziren partida guztian zehar, horrek dakarren nekearekin.

Horrelakoetan gertatzen den gisan, Berasaluze eta Otxandorena hutsak egiten hasi ziren partidaren bigarren zatian, eta Bengoetxeak eta Ruizek garaipena lortu zuten. Final-laurdenak datorren larunbatean jokatuko dituzte, Iruñeako Labrit pilotalekuan, Olaizola I.a eta Belokiren kontra.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE