Txapelduna prest dago

Martinez Irujok eta Pascualek Gonzalezi eta Goñi III.ari irabazi diete (22-13), eta Gabonetako Torneoko finalean ariko dira

IMANOL MAGRO / Berria

Martinez Irujo binakako txapelketari ekiteko prest dago. Iazko binakako txapeldunak urtarrilean hasiko den txapelketarako prestaketa erritmo egokia darama la esan zuen herenegungo aurkezpenean. Atzo, Tolosan, bere hitzak berretsi zituen, hamahiru tanto eginez eta kolpe freskoa erakutsiz. Iberokoak, Pascualekin bikote eginez, Sebastian Gonzalezen eta Fernando Goñiren aurka irabazi zuen (22-13). Atzoko garaipenari esker, Gabonetako torneoko finala jokatuko dute Titin III.aren eta Eulateren aurka, Bergaran, urteberri eguneko jaialdi handian.

Tolosara hurreratu ziren ikusleek Martinez Irujo sasoi ezin hobean dagoela ikusi zuten, eta Iñigo Pascualek ere hobera egin duela. Eskuko arazoak zirela-eta, Lizarrako atzelariak hamabost eguneko etenaldia egin zuen duela hilabete. Atzo Beotibarren ikusitakoaren arabera bere eskuak hobera nabarmen egin duela dirudi, eta binakakoari ekiteko arazorik ez du izango. Pascualek atzo lan txukuna egin bazuen ere, partidako onena Martinez Irujo izan zen. Norgehiagokaren hasiera oso parekatua izan zen. Pascualek eta Goñik pilota gutxi galdu zituzten, eta aurrelarien esku utzi zuten partida erabakitzearen ardura. Lehen tantoetan Gonzalez oso oldarkor aritu zen, eta bere erremateei esker tartetxoa ireki zuen (6-2). Irujori apur bat kosta zitzaion partidan sartzea, baina aukerako pilotak jasotzen hasi zenean ez zuen barkatu. 5-1eko partzial batekin oreka itzularazi zuen markagailura (7-7). Partida luzatu ahala, oreka norgehiagoka guztian mantenduko zela zirudien. Lau pilotariek lan serioa egin zuten, eta inork ez zuen tarterik irekitzea lortu (12-12). Irujok, baina, atzokoan ez zuen bukaera esturik nahi. Pilota hartu emanarekin aspertuta arriskatzeari ekin zion, jokatzen gozatzeari. Iberoko txapeldunak bizkor amaiarazi zuen partida, Gonzalezi susperraldirako betarik eman gabe. Ikusleak ohartu zirenerako Iberokoa eta Pascual aurretik jarriak ziren (13-15), eta erritmoari eutsi zioten bukaeraraino. Irabazleek hauspoz ondo daudela erakutsi zuten, eta errenkadan egin zituzten partidako azken zazpi tantoak.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE