Berria Txapelketako bigarren kanporaketa jokatu zen igande arratsaldean Andoaingo Arrate pilotalekuan, eta ustez kanporaketa orekatua gerta zitekeena kolorerik gabe amaitu zen. Besteak beste, Gasteizko Txukun Lakuak erraz irabazi zituen lehen bi partidak, eta inolako tentsiorik gabe iritsi zen hirugarrenera. Ohorezko puntua lortu zuen Zugarraldek nagusietan, baina burlatarrek berretsi zuten sufritzen ari direla klubean azken urteetan.
Kadeteak
Itoiz – Perez (Zugarralde) 5-22 Larreta-Diaz de Geredu (Txukun Lakua)
Bi bikoteak maila beretsuan arituko zirela aurreikusten zen, eta pilotalekuan bildutakoek lehia borrokatua ikusiko zutela espero zuten. Baina ez zen hala gertatu. Hasiera txukun baten ondoren, bina berdin egon ziren bi bikoteak, baina hortik aurrera Txukun Lakuako Larreta eta Diaz de Geredu askoz gehiago izan ziren. Sakean asmatu zuen arabarrak, eta horren eraginez hainbat tanto lortuta, 22-5 nagusitu zen Txukun Lakuako bikoteak. Zugarraldekoak galduta egon ziren.
Gazteak
Lerga-Villaueva (Zugarralde) 14-22 Otxoa-Markaida (Txukun Lakua)
Kadeteetan bezala, gazte mailan ere partida orekatua espero zen, eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin, hasieran behintzat. Lehen tantoak gogor joan ziren, eta ondoren nafarrak 14-7 jarri ziren aurretik markagailuan. Euren pilotarekin aurkariak baino gehiago izan ziren. Kontuak hala, bazirudien bigarren puntuak Burlatarako bidea hartuko zuela, baina susperraldi galanta izan zuten gasteiztarrek. 15-0eko partzialarekin hogeita bira joan ziren zuzenean, euren taldeari final-zortzirenetako sailkapena emanaz. Bigarren zatian oso ondo jokatu zuten Otxoak eta Markaidak.
Nagusiak
Mugiro-Alduntzin (Zugarralde) 22- 9 Uribe-Perez (Txukun Lakua)
Ez zegoen ezer jokoan nagusien partidan, eta igarri zen. Mugiro eta Alduntzin askoz gehiago izan ziren hasieratik, eta erraz irabazi zuten aurkarien presio faltagatik. Alduntzinek koska bat gora egin duela erakutsi zuen atzeko koadroetan, eta Mugiro ere txukun jardun zen. Uribe eta Perezengandik gehiago espero zen.