Uda ederra Xalarena!

Lekuinekoarentzat eta Elkororentzat Gernika Hiriko Torneoa, Unanueri eta Peñagarikanori aise irabazita

JULEN ETXEBERRIA / Berria

Xalak eta Elkorok Gernika Hiriko Torneoa irabazi zuten atzo, finalean Unanue eta Peñagarikano 22-9 mendean hartuta. Markagailuak ez du zalantzarako zirrikiturik uzten. Lekuinekoak eta Elgetakoak erraz, oso erraz jantzi zuten txapela. Aurrelaria izan zen berriz ere partidako onena, eta joko erakustaldia eman zuen. Elkorok, aldiz, ondo bete zuen bere eginbeharra, eta seguru aritu zen, huts gutxi eginda. Atzoko garaipenarekin uda ikusgarria biribildu du Xalak, Donostia Hiriko, Sanmateoetako eta Gernika Hiriko torneoak irabazi baititu.

Kostatu zitzaion Xalari partidan sartzea, eta Unanuek eta Peñagarikanok bikain baliatu zuten hori partida hasieran aurretik jartzeko (7-2). Gipuzkoako bikotea txukun ari zen, serio, huts gutxi eginda. Xala eta Elkoro estu hartuko zituztela zirudien. Usteak erdi ustel. Hortxe amaitu zen gipuzkoarren ametsa. Xala jotzen hasi zen, nola gainera. Boleak, bi paretak… erakustaldia. Bikote urdinak ziztu bizian egin zuen aurrera, eta jabetu orduko garaipena patrikan zuen. 19-2ko partziala lortu zuten, 7-2tik 8-18ra, tartean, Xalaren bederatzi tanto (zazpi erremate eta bi sake). Unanue eta Peñagarikano guztiz etsita zeuden, Lekuinekoaren erakustaldia gelditzeko zer egin ez zekitela. Azken hiru tantoak gorrien hutsak izan ziren, argigarria.

Titin-Goñi nagusi, Martinez Irujo-Lasaren aurka

Lekunberrin, aldiz, partida bikaina jokatu zuten Titin III.a-Goñi III.ak eta Martinez Irujo-Lasa III.ak. Azkenean aurrenekoek lortu zuten garaipena: 22-15. Lau pilotariek ikuskizuna eman zuten, eta azkenean huts gutxien egin zuen bikoteak irabazi zuen. Titin III.a izan zen partidako onena, eta Martinez Irujok erakutsi zuen poliki-poliki sasoia hartzen ari dela.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE