UGALDE-Xanet IMAZ jubenil mailan, eta ARRIETA-Ander IMAZ 23 urte arteko nagusienean, aurtengo Dinastia Etxabe pilota txapelketako bikote txapeldunak

Zumaiako Kirol Elkartea

Hauexek bart arratsean Zestoako frontoian, oso itxura ederrarekin armailak pilotazalez beteta, jokatutako bi pilota partidetako emaitzak:

– ETXEBARRIA-IRURETAGOIENA….11 // UGALDE Xanet IMAZ…………….22

– ARRIETA-Ander IMAZ……………….22 // URRETABIZKAIA-Ander IMAZ…..17

 

Jubenil mailako norgehiagokak hasiera eta amaiera desberdiñak izan zituen. 4-2, eta 7-3 aurretik egon zen markagailuan Etxebarria-Iruretagoiena bikotea, Asteasuarra pilotari bizi emanez atzean eta Nabarnizkoak aurrean tantoak eginez. Zazpian berdindzea lortu zuen Ugalde-Imaz bikoteak eta hortik aurrera 7-9, 9-12, 10-15, 11-17 eta 11-22 irabazi zuten arte. Atze koadroetan Imaz Segurarra agintzera pasa zen, Ugalde Oiartzuarrari tantoak egiteko aukerak emanez, eta partidarren norabidea horrek asko aldatu zuen.

 

Andoni Ugalde izan zen lauretan onena, hiru tanto galdu zituan baina hirurak erasoan eta bederatzi egin, atzean 2, ormabikoz 1, txapagainez txokora baztarreratuz 4, eta botez goitik behera ezkerretik zabalera pilota gurutzatuaz beste 2 tanto eder.

Xanet Imaz pilota gosez etorri zen bart Zestoara eta behin eta berriz aurrelariari pilota eskatuz garbi nagusitu zela esan behar atze koadroetan partidaren bigarren zatitik aurrera. Bi pilota galdu zituen eta txapelketa ona egin du Segurarrak.

 

Galtzaileen aldetik Aitor Etxebarria Nabarnizko aurrelaria ondo hasi zen jokatzen, lau tanto egin zituelarik partidaren lehen zatian. Gero ordea ezinean ibiltzea tokatu zitzaion, aukerako pilota garbirik ere ez izanik eta 6 pilota galduaz, 2 sakerestoan airez eta beste lau erasoko pilotetan.

Gaizka Iruretagoiena asteasuarrak ezin izan zion eutsi hasieran hartutako martxari eta horrek eragin garbia izan zuen joko eta markagailuan. Tanto bat egin zuen txapagainez jota aurre koadroetan eta 6 galdu.

 

Erabat ase ez gintualarik lehenego partidak, bigarrengoaren zain gelditu ginen. Ikusmin haundia zegoen pilotazaleen artean lau pilotariak erakutsi zezaketen jokoari buruz, aurreko hiru partidetan egindakoarekin oinarrituta noski.

Norgehiagoka gogorra eta estua jokatu zuten lau pilotariak partida ordubeteko iraupenera iritxi zen artean. Markagailua 16an berdinduta zegoen garai horretan, eta aurreko hiru partidetan bezela atzetik aurrera etorriaz egindakoa ikusita, Urretabizkaia-Aizpitarte bikotea nagusituko oten zen pentsatzen ere hasi ziteken. Ez ordea, Arrieta-Imaz bikotea ez zen kokildu aurkariak parean jarri ziren garaitan ere, eta besteak baino pilota gutxiago galduaz 22ra irixtea lortu zuten. Hiru bider lortu zuten atzetik aurrera etorriaz markagailua berdintzea gerriko urdinez atera ziren Urretabizkaia eta Aizpitartek, bainan inoiz ez zuten lortu aurretik jartzea, eta 4-0, 6-2, 8-4, 9-7, 10-8, 13-9 atzetik joan ondoren, 13an 15an eta 16an berdindu bai baina aurrea artzerik lortu gabe 22-17 gallendu ziren gerriko gorridunak ordu eta laurdeneko norgehiagokan.

Partida irabazteko gakoa aurrelarien esku egon zela esan daiteke. Partida gogorra zioalako ere bai, Urretabizkaiak arriskatzea erabaki zuen partidaren azken zatian eta zeregin horretan pilota bat edo beste galdu ere bai. Ioritz Arrietak Hernaniarrak aldiz, 22rako bidea inoiz bistatik galdu gabe, hotz mantendu zuen burua eta jarraitu egin zuen ordurarteko martxan. Tanto gutxiago egin zituen, 5, baina galdu ere bai, 2 bakarrik eta biak erasoan.

Beñat Urretabizkaiak 10 tanto egin zituen baina 9 galdu. Egindakoetan azpimarratu behar 6 atzean egidakoak izan zirela, 3 sakez eta beste 3 jokoan gogor aritu ondoreneko pilotakadekin, hauetako batean pilotak errebotea garbi jo zuelarik. Esan behar, eta ohituak ez gaudenez horrelakoak ikustera, txalo zaparrada haundi batekin eskertzen jakin zuela, beste behin ere egun haunditako trajez jantzia zegoen Zestoako frontoiak, Beñaten tanto hori. Arrietak bezela oso txapelketa ona egin du Urretabizkaiak, biak izan direlarik txapelketako aurrelaririk onenak.

 

Atzelarien aldetik ere tankera beretsuko portaera nabaritu zela esan behar. Garaile atera zenak tanto bat egin zuen eta beste bat galdu. Galtzaile atera zen Eneko Aizpitarte Hernaniarrak aldiz bost tanto galdu zituen baina hoietako hiru erasoan atzera biali nahian gora joandako pilotekin, eta horrek ere baldintzatuko zuen behar bada bere erasoko jokoa. Egindako tantoa goitik behera boleaz egindakoa izan zen. Pilotari honen mesedetan esan behar galdu zituanan aldean pilota zailak ekarri zituala atze koadroetatik, ezkerrarekin batipat. Oso txapelketa ona egin du Hernaniarrak eta kolpe pixkabat falta zaion arren atzelari batek pilotan nola jokatu behar duen garbi erakutsi du aurten Zestoan.

 

Ander Imaz Oiartzuarrak ere lana latz egin behar izan zuen atzo partida aurrera aterako bazan. Txapelketa guzian erakutsi digun kolpe freskoa erakutsi zuen arren aurreko partidetan baino gehiago sufritu beharra izan Urretabizkaiak asko eman ziolako pilotari eta Aizpitartek ondo eutsi ere bai. Oso txapelketa ona egin du Anderrek eta atzelaririk onenetarikoa izan da naiz eta 18 urte dituan oraindik.

 

Amaierako ekitaldia ohiko sari banaketarekin, eta honen barruan Zumaiako lau pilotari beteranoei egindako omenaldi txiki batekin, amaitu zen, Zestoako txistu eta dantza elkarteak Mugerza, Etxabe, Martinez, eta Orena pilotariei eskeinitako aurreskuarekin.

 

Eta kontatu beharrekoetaz askoz gehiago ez egonik Zumaiako Kirol Elkartearen izenean eskerrak ematea dagokigu:

– Lehen lehenik parte hartu duten pilotari, heuren ordezkari eta partidak kudeatu dituzten epaileei.

– Pilota partidak ikustera joandako pilotazale zintzoei hurrengo.

– Zestoako Udal, Kiroldegi eta Pilota Elkarteari ere bai noski.

– Zer esanik ez txapelketaren berri eman dezuten kazetarioi ere bai

– Eta azkenik, eta txapelketaren babesle modura ez garrantzi gutxiagorekin noski, Zumaiako Udalari.

 

Amaitzeko esan baita ere txapleketa ona izan denaren sentsazioakin gelditzen dela Zumaiako Kirol Elkartea, ezinbestekoa izanik hau datozten urteetako erronkei aurre egin ahal izateko.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE