ULTZAMA, TOLOSA ETA INTXURRE FINAL ZORTZIRENAK JOKATZEKO SAILKATUAK

 

Final-hamaseirenetako kanporaketak amaitzeko, hiru jaialdi ziren iragarriak pasa den asteburuan, XIV. Berria Txapelketan. Ordea, Berako Bortziriak taldeak partaide aski ez eta, hainbat pilotariren lesioak tarteko, uko egin zion lehiari, eta jokatu beharrik gabe igaro da aurrera Tolosa. Bada, Tolosarekin batera, final-zortzirenetan ariko dira Ultzama eta Alegiko Intxurre ere. Biek ala biek, ondo merezita garaitu dituzte Bizkaiko bi pilota elkarte. Igande goizez, Ultzamak 2-1 menderatu zuen Orozkoko Olgetan, eta emaitza berarekin kanporatu zuen etxean Intxurrek Usansolo, astelehen goizean.

 

ULTZAMA 2 OLGETAN (OROZKO) 1

Kadeteak: Torres – Arce 9 Yuste – Muguruza 22

Gazteak: Diez de Ulzurrun – Gaskue 22 Iriondo – Beaskoetxea 18

Nagusiak: Otxandorena – Sarasa 22 Urretxu – Pagazaurtudua 6

 

Amaierako emaitzak bestelakorik adierazi arren, jaialdiari ez zion nahi bezalako hasiera eman Ultzamak. Izan ere, kadeteen arteko lehian, 22-9 irabazi zuten Yuste eta Muguruza bizkaitarrek Ultzamako Torres eta Arceren aurka. Euskal Herriko txapelketan lehen lauretan sailkatu da Orozkoko bikotea, eta erakutsi zuen zergatik. Hasi eta buka, gehiago izan ziren, bakoitza bere eremuan nagusi izan zen, eta lehen puntua aise jarri zuten Orozkora bidean.

Puntua ez ezik, emaitza ere dotorea lortu zuen Orozkok neurketa horretan; beraz, ultzamarrak derrigortuta ziren lan ona egitera jaialdiko bigarren eta hirugarren partidetan. Gazteen artekoa izan zen jaialdiko onena. Diez de Ulzurrun eta Gaskue nafarrek 22-18 irabazi zuten Iriondo eta Beaskoetxea bizkaitarren aurka. Emoziorik ez zen falta izan, eta Gaskuek aho zabalik utzi zuen bat baino gehiago. Partidaren zama bizkar gainean hartuta, eskuinkada latzak jo zituen, eta haren lan onari esker berdindu zen lehia bana.

Gauzak hala, nagusien arteko partidak erabakiko zukeen guztia. Aurrez iragarri bezala, Otxandorena eta Sarasa nafarrak faborito ziren, eta ez zuten hutsik egin. 22-6 gainditu zituzten Urretxu eta Pagazaurtundua.

 

——————————————————————————————————

 

USANSOLO 1 INTXURRE (ALEGIA) 2

Kadeteak: Azkueta – Olabarri 17 Zubeldia – Olano 22

Gazteak: Orue – Ruiz 7 Zubeldia – Aizpitarte 22

Nagusiak: Atutxa – Gonzalez 22 Artola – Irazustabarrena 12

 

Etxean jokatzeari etekina ezin hobeto atera zion Alegiko Intxurrek, Usansoloren kalterako. Kadeteetan, partida orekatua espero zitekeen, eta pronostikoek ez zuten hutsik egin. Azkueta eta Olabarri bizkaitarrak hobeto hasi ziren, baina Zubeldia eta Olanoren erreakzioa ez zen alferrikakoa izan. Bi bikoteak hamazazpina heldu ziren azken txanpara, baina gipuzkoarren joa hobea izan zen une erabakigarrian, eta lehen puntua etxean geratu zen 22-17).

Gazte mailako partidan ez zen hainbeste emozio eta ikusgarritasunik izan. Hasi eta buka, oso serio eta ondo jokatu zuten Zubeldia eta Azpitarte alegiarrek, eta 22-7 menderatu zituzten Orue eta Ruiz. Azpitarte maila horretako atzelaririk onenetakoa da, eta ezker eskuarekin abiadura handia eman zion pilotari. Zubeldiak ere tontakeria gutxi egin zuen, bazekiten eta ahalik eta tanto gutxien eginda utzi behar zituztela aurkariak, nagusien partidari begira.

Izan ere, nagusietan faborito ziren bizkaitarrak. Alegiarrek aski zuten bi tanto egitea kanporaketa gainditzeko, eta ez zuten apururik izan. Hots, 2-0 aurreratu ziren Artola eta Irazustabarrena, eta lasaitasun handiz jokatu zuten gerora. Hori bai, Usansoloko Atutxak eta Gonzalezek erakutsi zuten gehiago zirela, 22-12 irabazi baitzuten.

Final-zortzirenetako kanporaketak erabakita daude, eta asteburu honetan hasi eta maiatzaren 28ra bitarte jokatuko dira. Hurrenez hurren, nor baino nor gehiago ariko dira Hernani-Markina, Txukun Lakua-Ilunpe, Zugarralde-Oberena, Pagazpe-Intxurre, Iparralde-Erreka, Ultzama-Gazteleku, Tolosa-Lea Ibarra eta Lazkao-Azkoitia.

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE