Urriza eta Zalduak 30-29 irabazi dute Etxarri eta Barrenetxearen kontra eta Ansa II eta Labakak 30-26 garaitu dituzte Juanenea eta Zubiri.
Sagardoaren Txapelketaren lehenengo jardunaldia Erremontari saioaren barruan jokatu zen astelehen gauen eta Urriza-Zaldua eta Ansa II-Labaka bikoteek lehenengo garaipena eman zieten Bereziartua eta Setien sagardotegiei. Lehenengo partiduan Urriza eta Zalduak, 30-29 irabazi zuten Etxarri eta Barrenetxearen kontra eta bigarrengo partiduan Ansa eta Labakak, 30-26 garaitu zituzten Juanenea eta Zubiri.
Azken hauek Larre-Gain sagardotegiaren izenean jokatzen dute eta Etxarri eta Barrenetxeak Oialume Zarren izenean. Beraz, garaileek lau puntu batu zituzten, Oialume Zarrek bi eta Larre-Gainek puntua eskuratu zuen.
Lehenengo bi partiduak parekatuak
Lehenengo jardunaldiko bi partiduak berdinduak izan ziren. Aurrenekoan gainera ezustekoa egon zen partidua nola joan zen ikusita. Etxarri eta Barrenetxea IV.ak agindu zuten ia norgehiagoka osoan bost tanto inguruko aldearekin partiduko une gehienetan, baina 9-1eko azken partzialak, gorrien alde, erabaki zuen partidua.
Etxarri oso ongi hasi zen eta Urriza berriz hotz. Kosta egin zitzaion partiduan sartzea eta urdinek eraman zituzten abantaila nagusiak. Zazpi tantoko aldea ere izan zuten 28 eta 21ekoan, bazirudien hortxe amaituko zela partidua, baina gorriak azken tantoetan hobe aritu ziren eta 29-28 aurreratu ziren eta partidua ixtea lortu zuten 30-29.
Bigarren partiduan bai batzuk eta besteek agindu zuten une desberdinetan, baina Ansak, partiduko erremontista sendoenak, 22 tantorekin partidua erabaki zuen.