Argazkia: Garazi Mtnez. Suarez
14 hilabete profesionaletan eta dagoeneko bigarren txapela du jantzita. Horretarako sekretua lana eta ilusioa direla aitortzen digu pilotari iruritarrak.
-Naroa Mtnez. Surez-
Zorionak txapelagatik. Nolako txapelketa egin duzula esango zenuke?
Milesker!! Argi dago horrelako txapela bat irabazteko profesional mailan, txapelketa ona egin beharra dagoela. Egia erran bai ni eta baita Etxeberria III.enak ere presiorik gabe eta arrunt lasai jokatu dugu eta uste dut horrek ere lagundu egin digula txapelketa borobil bat osatu eta txapela etxera ekartzera.
14 hilabete profesional gisa eta dagoeneko hirugarren finala eta bigarren txapela. Nola baloratzen duzu ibilbide hau?
Balorazio positiboa egin beharra daukat bai edo bai. Zuk erran duzun bezala, 3. txapelketetan parte hartu dut, eta 3etan finalera iritsi ahal izan naiz, eta horietako bitan txapela jantzi dut.
Frontoi luzeari dagokionez ere, gora noala iruditzen zait, enpresak partidu politak eta onak jokatzeko aukera eman dit, eta ongi erantzun dudala uste dut. Horretan jarraituko dut, eta ea oraingo mailan jarraitzen dudan eta poliki-poliki gora begiratzeko aukerarik dudan. Dudarik gabe hori da helburua eta horretarako prestatzen naiz.
Zein uste duzu dela emaitza hauen sekretua?
Sekreturik egia erran ez dago. Lana eta hobetzeko ilusioa. Entrenamendu guztietan ikasteko asmoz joaten naiz eta partidu guztietan dena ematen saiatzen naiz. Gauzak ongi ateratzeko ere zorte pixkat behar da, bertze gisa, ez dago inolako sekreturik.
Etorkizunerako zein helburu jartzen dizkiozu zeure buruari?
Lehen aipatu dizudan bezala, ez daukat helburu zehatzik. Erremontelariok astero-astero jokatzen ditugu partiduak, hortaz nire helburu nagusia, nagoen mailan mantentzea da, eta noski, ahal izanez gero hobetzen jarraitu, eta gora begira jarri.
Amets egin ezkero, hemendik pare bat hilabetetara hasiko da binakako txapelketa ofiziala, eta ilusio handia egingo lidake txapelketa horretan parte hartu ahal izatea aurten ez bada hurrengo urteetan. Badakit oso zaila dela, konpetentzia handia baita, baina garrantzitsua da ere helburuak eta ilusioak edukitzea hobetu ahal izateko.
Zein uste duzu dela zure ezaugarririk aberatsena?
Ez dakit, hori bertzeek erran beharko lukete. Nik lehen erran dizudana, dena ematen dut partidu bakoitzean eta asko saiatzen naiz ikasterako orduan.
Eta zein hobetu beharreko alderdia?
Hobetu beharreko alderdiak aunitz ditut. Goiko postura dut gehien hobetu beharreko gauza, baina horretan nabil eta poliki-poliki lortuko dudanaren itxaropena daukat. Bertze alde batetik ere tantoa bukatzerako orduan baditut gabezi batzuk hobetu beharrak. Bertze gauza aunitzen artean.
Erremontean baino lehen beste modalitate batzuetan ibilitakoa zara: laxoan, eskuz… Baten bat gustatzen zaizu besteak gehiago?
Bai, eskuz jokatu izan dut txiki txikitatik, eta baita ere laxoan, (Baztan – Malerrekan jokatzen den pilota modalitaterik zaharrenean). Bestelako pilota modalitateak ere betidanik gustatu zaizkit eta baita ere modu txikiagoan, baina praktikatu izan ditut.
Modalitate bat aukeratu behar banu, laxoa aukeratuko nuke dudarik gabe. Gehien maite dudan pilota modalitatea da. Aunitz bizi izan dut etxean, nire aitak jokatzen zuen, nire anaiak gaur egun jokatzen du, lehengusuak, koadrilako lagunak aritzen dira… azken finean gure gurea den zerbait da.
Eta erremonterako aldaketa egiten, nolatan animatu zinen?
Pilota munduan, nolabait ere ahal nuen guztia egin nuela sentitzen nuen,eta betidanik erran zidaten erremonterako balio nezakeela, laxoan jokatu izanagatik eta horrelako gauzengatik. Egia erran nire burutik ere aunitzetan pasa izan zen aldaketa hau egitea, baina batzuetan garaia ez zelako eta bertze batzuetan ez egitera konbentzitu zidatelako, atzera bota nintzen. Baina egia erran, ez naiz damutzen aldaketa egin dudan garaian egin izateaz, esku pilotak ere aunitz eman didalako: lagunak, momentu polit aunitz… bertze gauza aunitzen artean. Azken finean gauza guztietatik ikasten da.
Txikitan, euskal pilotan hasteko arrazoi edo gakoa zein izan zen?
Erran dizudan bezala nire etxean aunitz bizi izan da pilota, nire aitona, osaba lehengusuak, eta hurbilenak diren aita eta anaiak ere betidanik jokatu dute pilotan. Ezinezkoa zen euskal pilota ez gustatzea eta praktikatzea.
Gaur egun, erremonteaz gain, aparteko lanean ere bazabiltza. Nola bateratzen dituzu biak?
Arazorik gabe bateratzen dira. Enpresaritzan diplomatutakoa naiz eta goizetan egiten dut lan. Horrela arratsaldeak libre dauzkat entrenatu edo partiduak jokatu ahal izateko.
Zure aita partida gehienetan ikusten dugu, bai afizionatuetan baita profesionaletan ere. Uste al duzu garrantzitsua dela gurasoen jarrera seme-alaben kirol-garapenean?
Dudarik gabe garrantzitsua dela. Azken finean txikiak garenean gurasoek bideratzen dute gure bizia nolabait errateko, eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiet, euskal pilotan hainbertze barneratzeagatik.
Erremonteak azkenaldian indarra hartzen ari dela dirudi. Zer iruditzen zaizu zuri? Zein izan daiteke arrazoia?
Indarra ez dakit hartzen ari den, pasatzen dena da azken hilabeteetan komunikabideetan gehiago atera dela, lehendabiziko enpresa zaharra itxi zelako eta Oriamendi 2010 sortu zelako, gero Galarretaren berrikuntza ere gertatu zen. Hala ere, agian lehenago baino gehiago entzuten da erremonte kontua eta nire ustez arrazoia komunikabideetan gehiago agertzen delako da. Ea horrela jarraitzen duten, denen laguntza ongi etorria izango baita erremontearentzat eta.
Komunikabideek horretan eragina badutela uste duzu?
Aurreko galderan aipatu dizudan bezala, komunikabideen garrantzia ezinbestekoa da, modalitate minoritario bat aurrera atera ahal izateko. Nabaritzen dugu orain agian, egunkarietan eta kasu dezente egiten zaiola erremonteari. Azken finean, jendeak ikusten, irakurtzen edo entzuten duenari kasu egiten dio eta hori da afizioa sortzeko biderik zuzenena. Ia beraien laguntza izaten jarraitzen dugun eta pilotazaleak Galarretara eta Euskalera hurbiltzen diren.
Nola animatuko zenituzke gazteak erremontean zein euskal pilotako beste modalitate batean hasteko?
Bakoitzak gustatzen zaiona egin behar du. Nik gazte guztiak edonolako kirol mota praktikatzera animatuko nituzke eta euskal pilota gustatu ezkero, aurrera. Modalitate aunitz daude praktikatzeko, ez esku-pilota bakarrik. Nik nirea dena salduko dut pixkat eta erremontea arras joko polita da, izugarrizko abiaduran ibiltzen da pilota, eta asko disfrutatzen da jolasterako orduan. Denei animatzen dizuet hemendik probatzera.
Di-Da:
Pilotari bat: Aunitz ditut gustuko.
Bikotekide bat: Edozein.
Txapelketa bat: Parte hartzen dudan edozein.
Partida bat: Hemendik 15 urtera, Galarretako edozein partidu.
Frontoi bat: Iruritako frontoia, bertan egin naizelako pilotari.
1986-05-11, Irurita (Nafarroa)
Palmaresa:
2007ko GRAVNeko txapelduna trinketean
2008ko GRAVNeko txapeldun eskuz binaka.
2009ko GRAVNeko txapeldun erremontean.
2009ko Comunidad Foraleko azpitxapelduna
2010eko Comunidad Foraleko txapelduna.
2010eko Bergara hiriko erremonte txapelduna
Urtasun, txapela kentzet diat hire aurrean! Ea zorte ona duan hire aldean pelotari haizen denbora guzian!Dale trigo martxeliiiiiiii