Urteurrenik garratzena

Portadadef

Eibarko Astelena pilotalekuak ehun eta bat urte beteko ditu gaur; jabeen arteko desadostasunak direla eta, sanjoanetan ez da jaialdirik izango

IMANOL MAGRO / Berria
Nekez topa daiteke egun tristeagorik, pilota jaialdirik gabeko San Joan eguna baino. Tristezia are handiagoa da jaialdirik gabeko herria Eibar bada, eta umezurtz gelditu den pilotalekua Astelena zaharra. Duela urtebete Astelenak mendeurrena ospatu zuen. San Joan egunez pilotalekua lepo bete zen eta Irujok txapela irabazi berria estreinatu zuen. Aurten, aldiz, ez du ehun eta batgarren urtebetetzea ospatzerik izango. Pilotalekuko jabeen arteko desadostasunak direla-eta, ezin izan da gaurko jaialdirik programatu.

Fernando Bidartek, Aspeko buruak, duela bi aste egin zuen sanjoanetan Eibarren jaialdiren bat antolatzeko azken saiakera. Bidartetar sendia Astelenako bi bazkideetako bat da%40ren jabeak, eta duela hamabost egun pilotalekuaren beste jabeekin, Gaztañatorre sendiarekin alegia, batzartu zen Eibarren. Bidartek, beste behin, pilotalekuak ez duela errenta ordaintzeko hainbeste dirurik ematen azaldu zien beste jabeei 120.000 euro urteko, 3.000 inguru jaialdi bakoitzeko. Gaztañatorretarrek, ordea, ez zuten eskaintza berria onartu eta ezin izan zen akordiorik sinatu.

Erosketa saiakera Bilera berean, eta Asperen izenean, Fernando Bidartek pilotalekuaren euren zatia erostea eskaini zien gaztañatorretarrei. Bidartek berak azaldu duenez, Astelenaren gehiengoaren jabeek oraindik ez dute erantzunik eman. Bidartek pilotalekuaren jabetza osoa lortuko balu, Astelenaren inguruan bizi den egoera guztiz konponduko litzateke.

Izan ere, duela lau hilabete Aspek Astelenan partidarik ez antolatzea erabaki zuen, eta geroztik ez da pilota profesionalik egon Eibarren. Duela bi asteko bileraren helburuetako egungo egoerari aurre egitea zen, eta sanjoanetan gertatu den bezala, gaztañatorretarrek ez zuten eskaintza onartu. Fernando Bidarte ezkor ageri da, eta ez du aldaketarik aurreikusten. «Bilboko bazkideekin hitz egin dugu eta egun negoziazioak geldirik daude. Beraiek erabaki dezaten itxaroten ari gara. Astelenaren aferan eurek dute azken hitza». Aspeko burua penaturik dago San Joan egunez ez dutelako Eibarren jaialdirik antolatzerik izan, eta ohitura polit bat hautsi delako. Halere, ez du egoera dramatizatzerik nahi. «Jaialdirik ez badago ez da deus ere pasatzen, 1969an ere, sabaia berriztatu zutenean, ez zen jaialdirik egon. Guk San Juan egunez pilota ikuskizuna eman nahi genuke, baina gauzak dauden bezala daude». Bitartean Eibarko zaleak beste pilotaleku batzuetara joan beharko dira, aurten ez dutelako urteko jaialdirik politena ikusterik izango.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE