Titin III.ak eta Lasak azken txanpan lortu dute markagailua iraultzea; gehiegizko botedun materialak ikuskizuna pobretu zuen
iMANOL MAGRO / Berria
Beroa, hitz bakar bat nahikoa da atzo arratsaldez Logroñoko Adarraga pilotalekuan jokatu zen sanmateotako torneoko partida deskribatzeko. Izan ere, atzoko lehiak Errioxako pilotazale sutsuei gustatzen zaizkien osagai guztiak izan zituen, tanto politak, tirabirak materialarekin, haserreak kantxan, iraulketa markagailuan eta nola ez; Titinen garaipena.
Bi bikoteek itxura oso desberdina eman zuten hasieran, Titinek eta Lasak kantxaren gainean kokatzea lortzen ez zuten bitartean, aurkariak eroso aritu ziren. Belokik hasiera ezinhobea izan zuen, kolpe izugarria erakutsiz aise dominatu zuen Lasa piloteoan. Aurrean, aldiz, ez Titinek ez Bengoetxeak ez zuten jokoan sartzerik lortu.Jokoan ezin sartu horretan berebiziko garrantzia eduki zuen pilotariek atzo zakuttoan aurkitu zuten materialak: biziegiak eta gehiegizko botearekin. Ezinak Titinen haserrea piztu zuen. Partida erdian tanto bat jaso ostean, errioxarrak pilota hartu eta bortizki bota zuen erreboteko paretaren kontra, guztiz ezohiko erreakzioa Titin bezalako pilotari hotz eta beterano batengan. Partida ostean Aspeko bikoteak hitz oso gogorrak eduki zituen, Triziokoaren esanetan atzo aurkitu zutena «jubenilek» erabiltzen duten materiala izan zen.
Iraulketa markagailuan
Partidaren lehenengo zatian Adarragako zaleek ezin zuten sinetsi ere egin beraien kuttuna jasotzen ari zen jipoia. Ruben Belokik, oso sendo atzokoan, bere kolpea inposatuz, Lasa III.aren ezina aireratu zuen (5-12). Oinatz Bengoetxeak tartea alde izan zuen bitartean lasai jokatzen asmatu zuen, eta tantoa bukatzerik izan ez bazuen ere ondo erantzun zituen Titinek egin zituen erremate urriak. Bote gehiegiko materialak Asegarceko bikoteari lagundu zion, Belokik arazorik gabe saihestu zuelako Titin airez sartzea.
Partida luzatu ahala Belokik tarteari eutsi zion, lau tanto egin zituen atzean eta partidari komeni zitzaien erritmoa ezartzen asmatu zuen (9-17). Baina hori ez da nahikoa partida irabazteko. Defentsa lanean ondo aritu bazen ere, erasoan oso motz egon zen Bengoetxea, eta partida azken txanpan sartu zenean Belokik gehiegizko esfortzua ordaindu zuen.Belokiren beherakadarekin bat, Titinen igoera iritsi zen. Partida hasierak Burlatako atzelariaren indarra higatu zuen eta azkenean ezin izan zituen Titinen gantxoak ekidin.Errioxarra jokoan sartu zen heinean tartea murriztu egin zen (15-18). Zaleen oihuek, eta material eskasak Triziokoa xaxatu zuten. Azken tantoetan Titinek amorruz jokatu zuen, lana bizkor bukatu nahi duenaren grinarekin. Azken zazpi tantoak errenkadan egin zituen, Oinatzek, bitartean, ezin zuen joko bolada gelditu. Beste behingoz, Titinek ez zien huts egin Adarragako zale sutsuei.
TITIN III.A-LASA III.A 22
BENGOETXEA VI.A-BELOKI 18
Iraupena: 73 minutu.
Markagailua: 0-5, 1-6, 2-7, 3-9, 4-10, 5-12, 6-14, 9-17, 15-17, 15-18 eta 22-18.
Saketik: Titinek 4 eta Bengoetxea VI.ak bat ere ez eta falta bat.
Bestelakoa: EPELek antolaturiko Logroñoko Torneoko lehen faseko partida. Ikusleek Logroñoko Adarraga pilotalekuko harmailak bete zituzten. Gehiegizko botedun Materialak pilotarien haserrea piztu zuen.