Emozioz gainezka jokatu zuten XIV. BERRIA Txapelketako bigarren final-laurdena Iruñeko Oberenak eta Usurbilgo Pagazpek, Urnietako Udal pilotalekuan. Kadete eta gazte mailatan puntu bana lortu ondoren, nagusien arteko lehiak erabaki zuen guztia, eta tanto soil batez nagusitu ziren gipuzkoarrak: 21-22. Tentsio handiko kanporaketa gaindituta, usurbildarrak azpeitiarren kontra ariko dira finalerdietan. Ondorengoak izan ziren emaitzak.
OBERENA (IRUÑEA) 1-2 PAGAZPE (USURBIL)
Kadeteak: Oskoz-Cuairan 22-8 Galarraga-Iruretagoiena
Gazteak: Ganboa-Cordon II.a 4-22 Exposito-Aranguren
Nagusiak: Garcia-Cordon I.a 21-22 Santxo-Altuna
Kadeteen arteko partidan pronostiko guztiak bete ziren, eta Oberenako Oskozek eta Cuairanek ez zuten hutsik egin. Euskal Herriko txapeldunak izaki, jakina zen aurkariak baino koska bat gorago zeudela, eta kantxan erakutsi zuten. Hasiera distiratsua eginda, 8-0 aurreratu ziren nafarrak, batez ere Oskozek errematean asmatu zuelako. Lehen tantoa egin eta konfiantza hartuta, Usurbilgo Galarraga eta Iruretagoiena hobeto jokatzen hasi ziren. Atzean sendo aritu zen Iruretagoiena, eta Galarragak ere egin zituen tanto politak. Gauzak hala, 15-8ra gerturatu ziren gipuzkoarrak. Partida asko gogortu zen. Ordea, azken txanpan berriz ere behetik gora egin eta erraz nagusitu ziren Oskoz eta Cuairan: 22-8. Izugarria izan zen Cuairanek bi eskuekin azaldutako joa.
Gazteen arteko partidak kontrako norabidea hartu zuen. Oberenak hutsune garrantzitsua izan zuen azken orduan, Matak etxean geratu behar izan baitzuen lesio batengatik. Hala, Ganboak jokatu zuen Cordon II.arekin, eta ezin izan zuten ezer egin gipuzkoarren aurrean. Maila horretako bikote onenetakoa osatzen dute Expositok eta Arangurenek, eta erakutsi zuten zergatik. Expositok hartu zuen protagonismoa, eta eskuinez pilotari emandako abiadurarekin eta errematean eginiko tanto politekin ordu erdian amaitu zuen neurketa. Arangurenek ere pilotakada onak jo zituen, ez baitzuten batere behartu. Nafarren lau tantoak gipuzkoarren hutsetatik iritsi ziren.
Gauzak hala, nagusien arteko partidak erabakiko zukeen guztia. Oso faborito ziren Santxo eta Altuna usurbildarrak, baina latz sufritu behar izan zuten irabazteko. Besteak beste, Carcia eta Cordon I.a 7-0 aurreratu ziren markagailuan, batez ere Santxoren akatsei esker. Konfiantzaz kantxaratu ziren gipuzkoarrak, baina lanean hasi behar izan zuten. Serio eta langile jarrita, kontuak berdintzen hasi ziren, eta oreka izan zen nagusi azken txanpara arte. Bi aurrelariek tanto onak egin zituzten errematea, eta atzelariak sendo agertu ziren. Altuna distirarik gabe aritu zen, aurreko egunetako nekea baitzeukan pilatuta. Markagailua 16na eta 17na ere egon zen, baina azken txanpan 19-21 aurreratu ziren gipuzkoarrak. Bazirudien poltsikoan zutela garaipena, baina nafarrek 21na berdindu zuten lehia. Azken tantoan polemika izan zen, Altunak traba nabarmena egin baitzion Garciari. Kexatu ziren nafarrak, baina azkenean Cordonek txapara bidalitako pilotakada batek erabaki zuen kanporaketa, usurbildarren alde.