Maider Mendizabal
Datorren larunbatean, ekainak 8, Irurako frontoian VII. Emakumea Pilotari eguna ospatuko dugu. Aurtengo helburu nagusiena kirolaren hiru arloetan pilotan dabiltzan neska zein emakumeak biltzea izango da, eskola adinekoak, partaidetzakoak eta federatuak gonbidatuak daudelarik. Atxikita duzuen egitarauan ikusi ahal izango duzuenez, hiru arloetako erakustaldi partidak egongo dira eta partaidetzako alorrean gainera Emakumezkoen Gipuzkoako Txapelketa Herrikoieko azken fasea jokatuko da, guztira Gipuzkoako 10 herritako bikoteak izango ditugularik. Hain zuzen ere txapelketa honen finalaren aurretik XX. mendean raketista profesional izandako emakume pilotari guztiei omenaldi txiki bat egin nahi diegu. Raketista asko Euskal Herriko emakumeak ziren eta hauetako askok gainera Ameriketara ere bidaiatu zuten Kuba, Mexiko eta Miamiko frontoietan jokatzera, zesta punta jokalarien gisa. Ospe handiko izarrak izan ziren batzuk, hala nola: Eladia Altuna «Irura», Maria Antonia Uzkudun «Chiquita de Anoeta», Agustina Otaola, Miren Uzkudun «Asteasu», Anoetako Beraza ahizpak (Julita, Mari eta Milagros), Gloria Agirre «Chiquita de Aizarna», Rosa Mari Soroa, Mari Arrillaga «Arane I», Eibarresa, Antonia Salaberria «Toni», Irene Ibaibarriaga, Mari Carmen Lasagabaster «Amaia», Maria Luisa Senar, Maria Pilar Belza… Hauek batzuk besterik ez dira, beste hainbat emakumek aukera izan baitzuten garai haietan euren gustuko kirola landuz bizimodua ateratzeko.
Beraz, raketista guzti hauei omenaldi xume bat egingo diegu, beraien berri izan dezagun.