Waltari Agusti Miamin agertu da

Kubako pilotaria desagertuta zegoen Munduko Kopa ostean Habanara ez itzultzea erabaki zuenetik

I.M. / Berria

Zurrumurruak argitu dira azkenean: desagerturik zegoen esku-huskako trinketeko munduko txapeldun Waltari Agusti Miamin da egunotan. Pilotari kubatarrak bere emaztegaiarengana joatea nahiago izan du Kubara itzultzea baino.

Hamabost egun dira Waltari Euskal Herrian zegoela, eta pilotari kubatarraren emaztegaia Kubatik irten eta Miamira joan zela. Neska-lagunak Waltari pilotariari deitu zion eta bere erabakia jakinarazi zion, dei horrek pilotaria konbentzitu zuen eta AEBetara joaten saiatu zen.

Txapeldunaren aztarna Euskal Herria eta Madril arteko bidean desagertu zen, baina Waltari Madrildik joan zen Miamira.

«Bere ekintzen erantzule»

Albistea jakin bezain laster, Kubako Pilota Federazioko presidente Paulo Hernandezek Waltariren erabakia gaitzetsi zuen: «Ez dugu zuzen ikusten pilotaria Kubara itzuli ez izana; halere, badakigu pertsona bakoitza bere ekintzen erantzule dela».

Era berean, «kirolariak maila horretara iritsi ahal izatea» Kubako entrenamendu eta ikasketen fruitu dela gogoratu zuen Hernandezek.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE