EPBk puntako Superprestigio Torneoa antolatu du aurten, eta buruz buru jokatzen den torneoa bakarrak luxuzko bi gonbidatu izango ditu: Agusti Waltari kubatarra eta Heriberto Loquillo Lopez mexikarra. EPBk atzo eman zituen ezagutzera torneoaren egutegia eta diseinua. Azaroaren 20an hasi eta Urtezahar egunera arte luzatuko da, eta kanporaketa asko ditu.
Baionako Mastersean emaniko erakustaldiaren ostean pilota zaleek Waltari berezkoen aurka jokatzen ikusi nahi zuten, eta EPBk euren desirak bete ditu. Aurtengo Superprestigioko azken fasean hiru pilotariko bi multzo egongo dira, eta multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek jokatuko dituzte finalerdiak. Txapeldun ohi kubatarrak azken fasean ekingo dio torneoari, eta bere multzoan Thiery Etxeto eta aurre-kanporaketetako irabazleetako bat izango ditu alboan.