Jon LEUNDA / Gara
BAIONA
Paxkal Ezkurrak 40 eta 35 irabazi zion Waltariri, herenegun Senpereko trinketean jokatu zuten norgehiagokan. Partida ederra egin zuten bi pilotariek, eta gozatu ederra hartu zuten Senpereko trinketa bete zuten zaleek. Bi pilotari horiek berriro ere ostiralean jokatzekoa zuten, baina Ezkurra ez da arituko, kolpatuta amaitu baitzuen Senperen.
Norgehiagoka estua izan zen, eta azkenean, boteak erabaki zuen partida.Lapurtarrak 12 kintze egin zituen hasierako jokaldiarekin; eta kubatarrak, berriz, zazpi. Amaieran nabaritu zen alde hori.
Partida orekatua izan zen hasieratik. Urruñakoa aurreratu zen norgehiagokaren hastapenean, baina gero, amerikarrak partidari buelta eman zion eta aurretik jarri zen. 31na berdindu zuten, eta oraingoan euskalduna aurreratu zen, baina 35na adostea lortu zuen Waltarik. Hortxe geratu zen, ordea, handik aurrera lapurtarra zuzenean joan baitzen 40ra, eta garaipena eskuratu zuen. Waltari iaz ere Euskal Herrian izan zen, eta orduan profesionalak mendean ibili zituen, baina aurten ezin izan du.
«Ez da garaitezina. Pilota biziekin oso arriskutsua da pilotari abiadura handia ematen diolako, baina eusten jakinez gero, irabaz daiteke», esan zuen Paxkal Ezkurrak. Ostiralean ez zuela jokatuko ere adierazi zigun: «Kolpe bat hartu nuen, eta atzo mina nuen. Sendagilearengana izan nintzen, eta ostiraleko osatzeko moduan ez nengoela ikusi genuen; ez dut jokatuko. Ez dakit Waltarik beste norbaiten aurka jokatuko duen edo ez».