Jai Alai News
Otsailak 27, Ezkurdi pilotalekua
19:30tan (ETB 1en, 22:30tan)
Sarrerak eta bonoak:https://www.eramanjaialai.com/sarrerak-entradas/
MAITE-MAIALEN vs ARAKISTAIN-FRIDA (Women WS)
Barandika vs Johan (Final Four)
Prest dago guztia bihar astelehenez emakumeen Winter Series txapelketa hasteko. Alde batetik Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabal ditugu, eta bestetik Ihart Arakistain eta Frida Watkins.
Ortiz de Mendibil arabarra dugu lau pilotarietan titulu gehien lortutakoa. Andetxako aurrelaria (Gasteiz hiriburuaren kanpokaldean, aireportu ondoan dagoen herrikoa) Munduko Txapelduna da maila absolutuan (Biarritz, 2022) eta 23 urtez azpikoetan (Iscar, 2021). Bietan ere Eneritz Lizardi mutrikuarrarekin jantzi du txapela eta bi pilotari hauek dira emakumeen artean ikur nagusi. Joko mailaz aparte garrantzi handia du esperientziak eta Maitek hori badauka. Jende askoren aurrean, final garrantzitsuak jokatutakoa da. Bere atzelaria, Maialen Aldazabal berriatuarra, pilotari oso segurua da eta txapelketa hain garrantzitsuetan txapelik ez badu ere, finalak jokatu ditu. Beraz, esperientzia eta joko maila aldetik, abantaila izan dezakete gorriak.
Aurkarien artean, Ihart Arakistain sopeloztarra dugu. Ortiz de Mendibil bezala, aurrean tantua amaitzen dakiena eta sahietseko postura ona duena gainera. Atzean Frida Watkins zumaiarra izango du lagun, hau ere pilotari segurua baina besteak baino gaztexeagoa. Hamazazpi urte ditu Maialenek, 18 egiteko Maitek, Arakistainek apirilean egingo ditu 17 eta Fridak berriz, 15 egin behar ditu.
Beraz, bi aurrelari on aurrez aurre. Sake ona dute biek eta erremateatzen dakite. Atzean berriz bi atzelari seguru, baina esperientzia mailan egon liteke ezberdintasuna.
Emakumeen Winter Serieseko partiduak «Prime Time» ordutegian emango ditu Euskal Telebistak, astelehenetan, gaueko 22:30tan. Jaialdia osatzeko ez ahaztu gizonezkoen buruz burkoa dugula. «Final Four»-eko lehen lehiakideak Xabi Barandika eta Johan Sorozabal dira. Belaunaldi arteko jauzia dago Barandikaren fabore baina kontuz Sorozabalekin. Gaztea den arren pilotari osoa da, bai posturaz, bai indarrez eta bai mentalki. Azken urtean pausu itzela eman du aurrera.
Durangoko zesta-punta elkarte berriak ate irekien jardunaldia egin du gaur Ezkurdi eraberrituan. Oso interesgarria Durango Jai Alai osatzen duten pertsonen perfil zabala: irakasleak, enpresa munduko jendea, irakasleak, pilotari ohiak… Durangoko ume eta gazteak zesta-puntara erakartzeko lanean hasi dira jada eta ziur gaude arrakasta izango dutela. Zorte on denoi!