Bizia, parekatua eta emozio handikoa. Halakoa izan zen atzo Bilbon jokatutako Buruz Buruko finala. Bi pilotari handi aurrez aurre, Olaizola II.a eta Xala, eta txapela bakarra jokoan. Batek irabazi zezakeen, eta azkenean hogeita bira pilotazale gehienok nahi genuena iritsi zen. Izan ere, sufritutakoak sufrituta, Xalak saria merezi zuela ulertu genuen askok eta askok.
Hala ere, Xalaren eta Olaizola II.aren gainetik, atzo pilota izan zen garaile. Azkenaldian okerreko erabaki eta estrategiak hartu direlako, eta horrek haserrea ekarri duelako. Pilotazaleak mesfidati egon garelako, eta pilotariak berak ere batere gustura ez direlako egon beren agintariek hartutako zenbait erabakirekin. Atzokoan, ordea, guztiok bat eginik pilota kirol miresgarria dela erakutsi genuen. Finala ez ezik, atzokoa erreibindikazio eguna ere bazelako.
Pasatakoak pasata, pilotak halako finala merezi zuela iruditzen zait. Xalak txapela eskuratu zuelako, bai, baina Olaizolak ere horretarako merituak egin zituelako. Lekuinekoak merezimendu osoz irabazi zuelako, dena aurka zuenean ere kikildu ez zelako. Eta Goizuetakoa ere pilotari ikusgarria delako, seguruena historian izan den handienetarikoa, eta final luze honetan ere zintzo jokatu duelako.
Zorionak, Yves. Zorionak, Aimar. Eta zorionak, pilotazaleok.
Kaixo Unai,
Arrazoi osoa daukazu. Kriston finala, emozioa eta aho asko itxi zituen irabazlea. Merezi zuen, bai ibilbideagatik (niretzat momentu honetan aurrelaririk onena Irujo eta Aimarren gainetik) eta bai jasan duen guztiagatik.
Bide batez enpresek ikusi dute, nahiz eta uztailerarte atzeratu finala, jendeak ederki eta gogoz erantzun duela eta ez zela bidezkoa Xalak kantxan irabazitakoa bulegoan kentzea.
Zorionik beroenak Xalari!