Gara
TITIN III-ELKORO 18
XALA-GOÑI III 22
Pilotakadak: 825. Iraupena: 86. Markagailua: 1-1, 2-2, 5-2, 6-6, 6-11, 8-11, 8-13, 12-13, 17-14, 17-18, 18-18, 18-22. Sakez: Xalak 2. Tantoak: Titinek 12, Elkorok 2 eta Xalak 13. Gorabeherak: Logroñoko Adarraga frontoia leporaino bete zen. Dirua gorrien alde irten zen, 100 70i.
DONOSTIA
Xala eta Fernando Goñi dira sanmateotako txapeldun berriak, atzo Titin III.a eta Elkoro mendean hartu eta gero.
Partida ikusgarria jokatu zuten lau pilotariek. Aurrelariek izugarrizko erritmoa jarri zioten norgehiagokari, eta behin eta berriz saiatu ziren errematea egiten. Titin eta Xalaren artean 25 tanto egin zituzten. Errioxarrak12 lortu zituen, horietatik 9 airez. Lapurtarra ez zen atzean gelditu, eta bere aurkariak baino tanto bat gehiago egin zuen, tartean airez lortutako sei eta beste lau moztutakoak.
Atzelariek, aldiz, ondo bete zuten beren lana. Defentsan bikain aritu ziren, eta erasora ere behin baino gehiago jo zuten. Elkorok pilotakada asko kendu zizkion Xalari eta, hori gutxi balitz bezala, bi tanto egin zituen, bat atzean lortutakoa eta moztuz bestea.Elgetarrak maila bikaina erakutsi zuen, eta izugarrizko lehia izan zuen Fernango Goñirekin. Atzelari nafarrak ere lan ona egin zuen, eta Titin airez sartu zen bakoitzean, asko lagundu zion bere aurrelariari.
Finala luzea eta oso gogorra izan zen. Bikote biek egin zituzten irabazteko ahaleginak. Aurreneko txanpan gorriak hobeto aritu ziren, baina urdinek burua altxatu eta bost tantoko aldea lortu zuten. Berdinketa asko izan ziren, azkena hemezortzina, baina Xalak lau tanto egin zituen jarraian eta urdinek irabazi egin zuten.
Mundukoa, pil-pilean
Donibane Lohizunen, Munduko Zesta Punta Txapelketak aurrera jarraitzen du. Larunbat gauean bi partida jokatu zituzten. Aurrenekoan Baroniok eta Irastorzak 35-27 irabazi zieten Egiguren II.a eta Arriagari. Irabazleek lan handia egin behar izan zuten txapelketako aurreneko puntuak bereganatzeko.
Bigarren norgehiagokan, aldiz, Bereikuak eta Felixek 35-30 irabazi zieten Etxalus eta Barrondori. Partida lehiatua izan zen, eta azkeneko unean erabaki zen. Era horretan, garaileek bigarrengo puntua lortu zuten, aurreneko jardunaldian Alberdi II.ari eta Lopezi nagusitu baitzitzaizkien.
Atzokoan, berriz, txapelketako iazko txapeldunak, Goikoetxea eta Enbil zumaiarra, 35-27 nagusitu ziren Baronio eta Irastorzaren aurka. Aurreneko jardunaldian galdu eta gero txapeldun ohiek irabaztea ezinbestekoa zuten aurrera egiteko, eta helburua erdietsi zuten. Eguneko bigarrenen norgehiagokan, Alberdi eta Lopez 35-25 nagusitu zitzaizkien Etxalusi eta Ba-rrondori.
Horiek horrela, badakigu zein bikote arituko diren finalerdietan.Bereikuak eta Felixek Baronio eta Irastorzaren aurka neurtuko dituzte indarrak asteazkenean, eta ostegunean, berriz, Goikoetxea eta Enbil Alberdiren eta Lopezen aurka lehiatuko dira finalerako txartela eskuratu nahian.