Xala eta Olaizola II.a finalera

Titinek Patxi Ruizen aurka irabazi du eta emozio guztia kendu dio finalerdietako azken partidari

IMANOL MAGRO / Berria

Xalak eta Aimar Olaizolak Lau t’erdiko Txapelketako finala jokatuko dute. Elkarren aurkako ligaxkako azken partida jokatzeke dagoen arren, lekuindarrak eta goizuetarrak jada badakite finalean indarrak neurtuko dituztela. Finalerdietako ligaxkaren komeriak dira, eta gaur Atanon jokatuko den partidan ez da deus ere jokoan izango. Atzo, Titinek Ruizen aurka irabazi zuen, eta bere garaipenak Lizarrakoaren itxaropenak zapuztu zituen.

Pilotariek kalkulagailua sakelan zutela igaro dute aste osoa, eta azkenean finalerdietako korapiloa modu errazenean askatu da. Titinek zortzi tanto baino gehiago eginda irabazi zion atzo Ruizi, eta horrek Xala eta Olaizola sailkatu ditu finalerako. Gaur galduta ere, Olaizolak finala jokatuko luke. Berdinketa kasuan, berdinduta dauden pilotarien arteko emaitzak hartzen dira kontuan ligaxkako sailkapena eratzeko, eta hor goizuetarra da aldeko tanto gehien dituena.

Ruizek opari gehiegi egin zizkion Titini

Xalak eta Olaizolak Titini zor diote finalerako sailkapena lortu izana. Triciokoak Patxi Ruiz mendean hartu zuen atzo Labriten, eta Lizarrakoak agur esan zien finalean sartzeko zituen aukera urriei. Halere, Ruiz bera izan zen finalerako bidea lokaztu zuena, huts mordoa eginez esku-eskuan zuen partida Titini oparitu baitzion.

Lizarrakoak bere bertute eta gabezien erakusketa eskaini zuen atzo, Labriten. Finalerako ateetara nola iritsi zen erakutsi zuen, eta baita zergatik ez den sailkatu ere. Titinek markagailuan alde egin zuenean partida irauli zuen. Aldeko errenta zuenean, berriz, ez zuen erabakitzen asmatu, eta bere opariek espainiarra berpiztu zuten. Atzokoa partida bizia izan zen, orekatua eta emozioz beterikoa. Titinek oso ondo ekin zion partidari. Ligaxkako partida bat irabazi nahi zuen gutxienez, eta finalean sartzeko aukerarik ez zuenean ere lan eskerga egin zuen. Lehen zatian, gustuko pilotarekin, pilota aukeratzaileak pilota ezin aproposagoak aukeratu zizkion Titini nahierara ibili zuen Ruiz. Pilota ondo mugitu zuen, ezker eskuin gantxo eta hormabikoekin. Ruiz korrika egitera behartu zuen, tantoa airez maisuki egin aurretik (12-6). Ruizek, baina, finala buruan zuen, eta Olaizola eta Belokiren aurka egin bezala, gustuko pilotarekin buelta eman zion partidari. Luze jokatuz Titin frontisetik aldendu zuen. Pilotakada bortitzei esker tartetxoa ireki zuen (18-14). Titinek defentsan eginiko bolea zail bati esker sakea berreskuratu zuen, eta partida hasierako jokoa eginez partida orekatu zuen (17-18). Titin jota iritsi zen partida bukaerara, eta Ruizek azken lau tantoak aise egingo zituela zirudien. Azken txanpan, baina, Ruizek ez zituen Titinen opariak baliatu. Piloteoan nagusi izanagatik ere ez zuen tanto egiterik lortu. Tanto luzeetan Titinek lan eskergak egin zituen defentsan, eta bere izerdiak Ruiz urduritu zuen. Titinek partida berdindu zuen (20-20), azken bi tantoetan Ruiz nahastu aurretik. Lizarrakoak ez zuen errenta gordetzen jakin, eta adio esan zion finalari.

Finalistak elkarren aurka, gaur, Donostiako Atanon

Xalak eta Olaizola II.ak finalerdietako ligaxkako azken partida jokatuko dute gaur, Donostiako Atanon (17:00, ETB1). Gaur ez da deus ere jokoan egongo, biek eskuan baitute finalerako txartela. Litekeena da tentsio handirik gabeko partida izatea, bietako inork ez baitu behartuko. Aukeraketa egunean biak bete betean irtengo zirela esan zuten, esana, ordea, ez da beti betetzen. Txapelketen diseinu klasikoaren aldekoek beste argudio bat izango dute gaurtik aurrera.

TITIN III.A 22

RUIZ 20

Iraupena: 63 minutu.

Pilotakadak: 294.

Saketik: Ruizek 3 eta falta bat; Titinek alerik ere ez.

Pasak: Ruizek 1.

Markagailua: 1-1, 2-2, 3-3, 10-3, 10-5, 11-5, 11-6, 12-6, 12-8, 14-8, 14-14, 14-18, 17-18, 17-19, 18-19, 18-20, eta 22-20.

Bestelakoak: Lau t’erdiko Txapelketako finalerdietako ligaxkako partida. Iruñeko Labrit pilotalekua bete egin zen. Apustuetako dirua parean irten zen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE