Xalak eta Aimarrek ez dute inori begira egon beharrik

Lekuinekoak nahikoa du Goizuetakoari hamar tanto egitea

Gara

Lau eta Erdiko Txapelketa emozioz beteta heldu da azken jardunaldira; izan ere, lehian diren lau pilotariek baitituzte finalean egoteko aukerak. Hori bai, Xala eta Aimar Olaizola dira sailkatzea euren esku duten bi pilotari bakarrak, eta elkarren aurka jokatu behar dute. Are gehiago, larunbatean Titin eta Patxi Ruizen artean edozein emaitza izanda ere, nahikoa lukete lapurtarrak eta nafarrak akordio batera heltzea, eta Aspekoak hamar tanto ziurtatzen dituen mementoan, berdin dio partida galdu edo irabazi. Aimarrek ere, garaipen horrekin ziurtatua izango luke finala.
Baina urrutiago joanda, igandeko partida jokatu aurretik, bi pilotari horiek sailkatuta egon litezke, betiere Titinek Ruizi Iruñeko Labriten 22-8 eta 22-11 tarteko markagailua izanda irabaziko balio. EPELen arautegiak dioenez, azken sailkapenean berdinketak egongo balira, berdindutako pilotariek elkarren aurka jokatutako partiden emaitzek erabakiko lukete. Hau da, berdinduak bi balira, elkarren artean jokatutako partidaren emaitzak, eta bi baino gehiago izanez gero, elkarren artean jokatutako partidetan izandako tantoen batuketak erabakiko luke finalista.

Bakoitzaren aukerak

Gauzak erraztu edo argitu nahian, horiek dira pilotari bakoitzak finalean egoteko dituen aukerak. Normala den bezala, Xala da aukerarik gehien dituena eta finalean egongo da, baldin eta Titinek Ruizi irabazten badio, edota Aimar Olaizolari hamar tanto egiteko gai bada.
Igandeko aurkariak, Aimar Olaizolak, berriz, nahikoa du Xalari edozein emaitzaz irabazi edota Titinek bezperan Labriten Ruiz 8 eta 11 tanto bitartean uztea.

Sailkapeneko hirugarrena den Ruizek ez ditu gauzak bere esku, eta nahitaezkoa du Titini irabaztea, eta behin baldintza hori beteta, Aimarrek galtzea itxaron beharko luke edota Goizuetakoak Lekuinekoari hamar tanto egiten ez uztea.

Titin da lau pilotarien artean finalerako sailkatzeko aukerarik gutxien dituena, horretarako Ruiz zortzi tantotan utzi eta Xalak Aimarri irabaztearen zain egon beharko luke.

Atano XIII.a: «Ligan hitz egingo dut»

Aimarren aurka galdu ostean Titinek bere aurka adierazpen gogorrak egin arren, Juan Mari Juaristi pilota aukeratzaileak ez zion Triciokoari erantzun nahi izan, eta esan beharrekoak Ligan egingo dituela adierazi zuen.

«Halakoak entzutea ez da inoren gustukoa, baina tira. Nik hitz egin behar dudan lekuan egingo dut, eta hori liga barruan da. Zuentzat kazetariak ederrena ni hemen nire gauzak esaten hastea litzateke, baina ez dut uste hori denik bidea. Gauzak gaizki egiten ari banaiz, ligaren barruan hitz egitea gustatuko litzaidake eta bertan emango ditut iritziak», azaldu zuen Euskadi Irratian.

Titinek beroan egindako adierazpenak izan zirela uste du, eta Atano XIII.ak ez dauka «gerratan sartzeko asmorik». «Niri Aimarrek edo Titinek irabazi ez dit axola, niretzat garrantzitsuena partida ona irtetea da. Nik pilotak aukeratu eta partida ahalik eta onena suertatzen denean irabazten dut».

Akatsak egingo zituela onartzen duen arren, gustura dago egindako lanarekin, eta «jendeak emaitzen arabera funtzionatzen duela» adierazi zuen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE