Galtzaileek Olaizola II.a eta Otxandorena izango dituzte aurkari biharko norgehiagokan
BERASALUZE VIII-P.RUIZ 19
XALA-GOÑI III 22
Gara
Xalak eta Fernando Goñik asko sufritu behar izan zuten atzo, Berasaluze VIII.a eta Patxi Ruiz mendean hartu eta San Mateoetako Txapelketan aurrera jarraitzeko. Hurrengo erronka bihar Olaizola II.ari eta Otxandorenari nagusitzea izango da.
Atzo jokatutako partidak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoan, Patxi Ruizek egindako lan bikainak aurretik jarri zituen gorriak. Lizarrako pilotariak asko gozatu zuen ia partida osoan, eta guztiz menderatuta izan zuen Fernando Goñi. Hala ere, Zubirikoak partida txukuna egin zuen eta bi pilota baino ez zituen galdu.
Aurreko koadroetan, Xalak eta Berasaluze VIII.ak meritu handiko tanto gutxi batzuk egin zituzten, baina, oro har, ez zuten beren maila eman. Iparraldeko pilotariak besagain itzel bat jo zuen partida osoan, baina beste tanto ikusgarririk ez zuen egin. Dena dela, defentsan ondo jardun zuen.
Pablo Berasaluze, berriz, ez zen ez erasoan ez defentsan ondo aritu. Zortea ere ez zuen alde eduki, uzkurdura bat izan eta bi aldiz aldageletarako bidea hartu behar izan zuelako bizkaitarrak.
Beraz, atzelarietan zegoen partidaren gakoa, eta, gauzak nola zihoazen ikusirik, bazirudien Ruizek garaipena emango ziela gorriei. Baina ez zen horrelakorik gertatu. Nafarrak erantzuteko zailak ez ziren bi pilota galdu zituen, eta urdinak errenta horri eusteko gai izan ziren.
Gonzalezek, sakeei esker
Jaialdiko lehenengo partidan Agirre eta Gonzalez buruz buru aritu ziren. Aurrelari bizkaitarrak ezustekoa emanez hasi zuen partida, 8 eta 1 aurreratu baitzen. Gonzalezi asko kostatu zitzaion partidan sartzea, baina gero ez zuen barkatu. Gustuko pilota bat atera zuen, Agirrerena baino bote gehiagokoa, eta orduan jokatu zuen erosoen. Sakearekin hautsi zuen partida Azkainekoak, guztira hamar tanto lortu baitzituen horrela.
Sebastien Gonzalezek Abel Barriola izango du aurkari hurrengo fasean.