Finala iparraldetik. Esku-huskako finalak iritzi hotzak eta bihotzaren gutiziak korapilatzen ditu Iparraldeko pilota munduan. Lehia irekia espero da, baina Xalarengan dauzkate itxaropenak.
Aitor Renteria, Berria
urua eta bihotza final bateko pilotariak bezainbat lehiatu behar dira usu, bereziki faboritoa nor izan daitekeen izendatu behar delarik. Esku-huskako finalari begira jarrita daude begiak pilota munduan. Bihotzak Lekuinekoaren alde egiten du Iparraldean. Baina Irujoren balioa azpimarratzen dute guztiek.
«Zaila. Martinez Irujo ikusi duenak badaki pilotari handi baten aitzinean gaudela eta Xala ezagutzen duenak ere badaki pilotari handia dela» dio Sebastien Gonzalez pilotariak eta ez dio alferrik, Irujoren kontra jokatu eta galdu baitzuen Azkaingoak final-laurdeneten. Gehientsuenak bezala partida irekia espero du eta bi pilotariek finala irabazteko aukerak dituztela azpimarratzen du. «Partida bizia izanen da edo polita, luzea edo motz-motza baina ez erdibidekoa» azaltzen du.Yves Salaberri finalean ikusteak ez du harritu Gonzalez eta horra heltzeko egindako lana nabarmentzen du. «Ez dut neholako ezustekorik hartu Xala finalean ikustean». Xalak duen balioa erakutsi du pilotari onenen aurka. «Xalak gantxo bikaina dauka, bolean eta punpan ere ederki ari da eta horrez gain sake bikaina dauka».Oroz gainetik Xalaren ahal fisikoak eta lanerako kemena azpimarratzen ditu Gonzalezek. Eta horrekin batera esperientziak balio handia duela oroitarazten du. Eta aholkulari lanetan Panpi Laduxe izanen duela gogorazi du. «Ahal fisikoak paregabeak ditu baina oroz gainetik horra heltzeko egin duen lan izugarria azpimarratu behar da eta Panpik eragin handia ukan du horretan». Bihotza Xalaren alde duela dio. «Xala eta Panpiren lagun handia naiz, merezimendu osoz daude finalean eta onena opa diet».Jean Claude Biscouby ere Xalarekin aritu izan da ezker paretan eta Gonzalezek bezala, haren zalutasuna eta lanerako kemena azpimarratzen ditu. «Aitzinamendu izugarriak egin ditu Panpirekin egin lanari esker, eta nehork ez die oparitu finalera heltzea». Binakako finalean merezimenduz egon zela dio eta buruz buruko finalean egoteak lan horren emaitza berresten duela dio.
Faboritorik ez
«Martinez Irujo paregabeko pilotaria da, hotzikarak eragiten dizkit kantxan erakusten duen hoztasunak», dio. Baina Xalaren jokoa haren parekoa dela irizten dio. «22-15 galdu zuen Martinez Irujoren aurkako partida baina bederen hiru tanto eman zituen geldirik zegoelarik». Tantorik galtzen ez badu eta bere jokoa garatzen badaki Xalak finala eskura duela uste du. «Lehen tantotik berak dakien bezala jokatzen badu, tanto guztiak borrokatuz, irabaz dezake, eta Panpik berebiziko bermea izanen du horretan». Aurtengo bi pilotari onenen artean hautatzea ezinezkoa zaio eta horregatik ez du faboritorik aipatu nahi. «Edozer gerta daiteke».
Mixel Etxeto Frantziako Federazioko arduradunak ere ez du faborito argirik ikusten. «Irujo trinketean jokatzen ezagutu nuen eta orduan ere hoberenetarikoa zen. Gauza ikaragarriak egiteko gai da eta zaila, oso zaila izanen da Irujo gainditzea». Hala ere, finala egun batean jokatzen dela dio. Iragarritako hitzordu garrantzitsuenetan gerta daiteke espero jokoa ez agertzea. «Biak trenpu onean dira baina edozeinek ukan dezake egun txarra eta bertzeak baliatzen badaki alde batera zein bertzera joan daiteke partida».Xala finalean egoteak ezker paretako jokoaren zaletasuna hedatzeko balio duela azaltzen du. Baina pilotari guztiak Xala ez direla erran nahi die gazteei.