Igande arratsaldean Zestoako pilotalekuan, final-zortzirenetako laugarren kanporaketak jokatu ziren. Zazpi Iturriko kadeteek Titin III.a zentrokoen aurka jokatu zuten eta Zazpi Iturriko gazte mailakoek eta nagusiek, aldiz, Markinako bikoteen aurka.
KADETEAK : ZUBIZARRETA – ALBERDI (ZAZPI ITURRI) 22 MARCOS – RUIZ (TITIN III) 15
Iraupena : 47 minutu
Eginikoak: Zubizarreta 10 (2 saketik) Alberdi 3, Marcos 5 (1 saketik) Ruiz 2
Hutsak: Zubizarreta 2, Alberdi 6, Marcos 4, Ruiz 5
Markagailua : 1-3, 2-4, 3-6, 4-7, 5-8, 6-9, 7-10, 8-11, 9-12, 10-13, 13-13, 17-14, 19-15, 22-15
Jaialdiak hasiera ona izan zuen, mailako lau pilotari onenetarikoek jokatu zuten eta ikuskizuna ona izan zen. Hasiera orekatua izan zen baina Errioxako bikotea aurretik zen. Pedro Ruiz atzelaria nagusi zen piloteoan eta gaina hartu zion Jon Alberdiri, gipuzkoarra jarrera oso deserosoetan jokatzera behartuz. Aurrean, aldiz, Marcos Saenzek Iraitz Zubizarreta baino finago ibili zen tantoa bukatzen. Bikote gipuzkoarrak, baina, lanean jarraitu zuen eta apurka-apurka partida 13na berdintzea lortu zuen. Hor partidaren norabide aldatu zen, atzelari errioxarra nekea sumatzen hasi zen eta Alberdik hartu zuen piloteoaren agintea.. Zubizarretak ondo baliatu zuen egoera hori aurrean dominatzen hasi, meritu handiko erremateak egin, eta garaipena ziurtatzeko.
GAZTE MAILA : ESKUDERO – ERAUSKIN (ZAZPI ITURRI) 10 ARRIZABALAGA – URIZAR (MARKINA) 22
Iraupena : 39 minutu
Eginikoak : Eskudero 4 (3 saketik) Erauskin 1, Arrizabalaga 7 (5 saketik) Urizar 2
Hutsak : Eskudero 5, Erauskin 8, Arrizabalaga 3, Urizar 2
Markagailua : 1-1, 2-4, 3-4, 4-10, 5-11, 6-12, 7-20, 8-21, 10-22
Bigarren partidak mami gutxi izan zuen. Bikote gipuzkoarra bi atzelarik osatu zuten eta ezer gutxi egin ahal izan zuten hobeak izan ziren aurkari batzuen kontra. Bizkaitarrak hasieratik izan ziren nagusi. Aurrean Xabier Arrizabalaga arlo guztietan izan zen Ander Eskudero baino gehiago. Aurrelari gipuzkoarra kamuts eritu zen. Atzean, aldiz, Mikel Urizarren mailako atzelari onenetarikoa zergatik den erakutsi zuen: piloteoa agindu zuen pilota ondo baztertuz eta bi huts egin zituen bakarrik. Aitor Erauskin baino seguruago aritu zen, hark pilota asko huts egin baitzituen.
NAGUSI MAILA : ALTUNA – EROSTARBE (ZAZPI ITURRI) 19 MALAX – KASTILLO (MARKINA) 22
Iraupena : 55 minutu
Eginikoak: Altuna 13 (3 saketik) Erostarbe 1, Malax 3 (2 saketik) Kastillo 3
Hutsak : Altuna 8 (1 saketik) Erostarbe 8, Malax 1, Kastillo 4
Markagailua : 1-2, 2-4, 3-9, 4-11, 6-12, 7-13, 12-14, 14-14, 15-15, 18-18, 19-19, 19-22
Nagusi mailako partidak ikusmin handia sortu zuen, eta pilotalekura gerturatu ziren ehundik gora pertsonek ez zuten partida ona ikusi, baina gutxienez emozioa izan zuen. Bikote gipuzkoarra lasaiegi hasi zen, eta Jokin Altunak, ezezagun hasieran, bere lehen bost erremateak huts egin zituen. Saketik falta bat ere egin zuen, bi aldiz luzeegi sakatzeagatik. Xabier Erostarbek ere huts asko egin zituen, eta horren poderioz bizkaitarrak 7-13 aurreratu ziren. Hortik aurrera Altuna agintzen hasi zen eta partidako tantorik onenak lortu zituen. Pilotari horrek eman dezakeen ikuskizuna oso gutxiren esku dago egun, eta partida 18na berdintzea lortu zuen. Orduan azaleratu zen markinarren eskarmentua, eta partida irabaztea lortu zuten. Andoni Malaxek ez zituen tanto asko egin, baina defentsa ikaragarria erakutsi zuen, erremate oso zailak bueltatuz. Atzean, aldiz, Kepa Castillok mailako atzelari onenetarikoa zergatik den erakutsi zuen. oso seguru jokatu zuen, pilota baztertu eta aurkarien atzelariaren hutsak eraginez. Bera izan zen, zalantzarik gabe, partidako onena.