Asteburu honetan jokatuko dira BERRIA txapelketako final-laurdenetako lehen bi kanporaketak, Zestoan eta Hernanin. Larunbatean, Zestoan, 17:30ean, Lemoa eta Iparraldeko kadeteak eta jubenilak ariko dira, eta Lemoa eta Irurtzungo nagusiak.
KADETEAK: AURREKOETXEA – MARTITEGI (LEMOA) / ETXEGARAI – AZARATE (IPARRALDE) Bizkaitarrak dira faborito. Mailako bikote onenetakoa da, eta sasoi betean dago: Aurrekoetxeak 4/5eko Bizkaiko Txapelketa irabazi berri du. Hala ere, ezin dira fidatu, Iparraldeko bikoteak ezustekoa eman baitzuen Irurtzungo bikotea kanporatuta. Etxegaraik asko joka dezake.
JUBENILAK: GISASOLA – ETXEBARRIA (LEMOA)/ ALKASENA – MENDI (IPARRALDE)Kadeteen partida baino parekatuagoa dago. Bizkaikoa bikote ona da, eta bikote horretan Etxebarria nabarmentzen da (Bizkaiko jokalari titularra da GRAVN txapelketan eta 4/5eko Bizkaiko Txapelketa irabazi berri du). Iparraldeko bikoteari dagokionez, bi pilotariak eskarmentudunak dira ezker paretan. GRAVN txapelketan aritu dira Iparralderekin, eta lehen kanporaketan nagusitasunez irabazi zioten Irurtzungo bikoteari.
NAGUSIAK: ARRESE – GALARZA (LEMOA) / ONGAI _ TABAR (IRURTZUN) Partida parekatua espero da. Bizkaiko bi pilotariak aski ezagunak dira: Arrese GRAVNeko txapeldunordea da, eta Galarza Aspeko pilotari izandakoa. Bikote honek erraz irabazi zion Txukun-Lakuari lehen kanporaketan. Irurtzungo bikotea, ordea, ez da makala. Bi pilotariek dute esperientzia: Ongai Aspeko pilotari izandakoa da, eta Tabar, afizionatuen mailako atzelari seguruenetako bat.