Final-laurdenetako azken kanporaketa igande goizez jokatu zuten Iruñeko Oberena eta Doneztebeko Erreka pilota elkarteek Hernaniko Udal pilotalekuan. Harmailetan giro polita zegoela, kanporaketa gogorra espero zen, eta halaxe izan zen. Egia esan, ustekabekoa nagusitu zen, Oberenak lortu baitzuen finalerdietara sailkatzea. Lehen bi partidak aise irabazita, asko sufritu gabe eskuratu zuten helburua. Azken partidak ohorezko puntua irabazi zuen Errekak. Oberena Markinaren aurka ariko da finalerdietan.
Kadeteak: Mata – Cordon (Oberena) 22 Salaberria – Gaskue (Erreka) 8
Gazteak: Garcia – Irurita (Oberena) 22 Sanchez – Gil (Erreka) 9
Nagusiak: Ansa – Etxamendi (Oberena) 19 Barandiaran – Gorriti (Erreka) 22
Kadeteen partidan Nafarroako lau pilotari onenak aritu ziren aurrez aurre, eta asko espero zen haiengandik. Ordea, pilotazaleak pilota gosez gertatu ziren. Oberenako bikoteak taktika ongi ikasita eraman zuen etxetik; Cordón jaun eta jabe izan zen atzeko koadroetan, izugarri agindu zuen, eta Matak ere txorakeria gutxi egin zuen aurrean. Sakearen bitartez abiadura bizia ezarri zuen, eta Gascue Errekako atzelaria ezer egin ezinda ibili zen. Salaberria maila handiko pilotaría da, baina ezertarako aukerarik ez zuen izan, aurkariek ongi eta bizkor jokatu zutelako. Hala, 22-8 irabazi zuen lehen puntua Oberenak, 50 minutuko partida batean.
Antzerako zerbait gertatu zen gazteen arteko neurketan ere. Errekak ezin izan zituen kantxaratu bere bi pilotari onenak, eta ordezkoek lan duina egin zuten arren, puntua lortzetik urrun geratu ziren. Irurita Oberenako atzelariak oso lan serioa egin zuen; pilota gutxi galdu eta agindu egin zuen, eta Garcia aurrelariak ere frontisetik urrun ibili zuen pilota. Sánchez eta Gil saiatu ziren tanto kopuru handia lortzen, baina alde handia zegoen bi bikoteen artean. 22-9 irabazita, kanporaketa erabakita utzi zuen Oberenak.
Guztia erabakita zegoela, jaialdiko partidarik onena izan zen nagusiena. Luzea ez zen izan, 45 minutu iraun baitzituen, baina bai distiratsua. Bi atzelariek oso pilota gutxi galdu zuten, eta lehia bikaina eduki zuten atzean, eta aurrelariak ere ongi aritu ziren errematean. Ansa Oberenakoak egin zituen tantorik politenak, baina Barandiaran ere ez zen atzean geratu. 16-15 zirela, esperientzia gailendu zen, eta Errekak ohorezko puntua lortu ahal izan zuen.