Igande honetan XII. Berria Txapelketako lehenengo finalerdia jokatuko da Andoaingo Arrate pilotalekuan, 11:30eatik aurrera. Besteak beste, Gipuzkoako bi talde, Andoaingo Gazteleku eta Usurbilgo Pagazpe ariko dira aurrez aurre. Hasiera batean, orekatua dirudi kanporaketak; gazte mailan andoaindarrak izango dira faborito, nagusietan berriz usurbildarrak. Hortaz, badirudi lehia jaialdiko lehen partidan erabakitzea.
Enrike Huizi eta Andoni Alvarezek ondorengo pilotariak kantxaratuko dituzte.
Kadeteak: Aranguren – Odriozola (Pagazpe) / Osa – Aizpitarte (Gazteleku)
Gazteak: Aranbarri – Exposito (Pagazpe) / Aizpuru – Usandizaga (Gazteleku)
Nagusiak: Santxo – Gorrotxategi (Pagazpe) / Eskudero – Erasun (Gazteleku)
Esan bezala, kadeteetan erabaki daiteke finalerako txartela. Maila horretako lau pilotari onentsuenak izango dira kantxan. Aranguren Pagazpeko aurrelaria momento izugarrian dago, eta Odriozolarekin bikote sendoa osatzen du. Aranguren egungo Euskal Herriko txapelduna da. Erne ibili beharko dute, ordea. Osak abiadura bizia ematen dio pilotari, eta Aizpitartek frontisetik oso urrun jarri ohi du pilota esker eskuarekin. Beraz, partida irekia espero da.
Gazte mailan Gazteleku aterako da faborito garbi. Bi atzelarik jokatuko dute, Aizpuruk eta Usandizagak, eta haiei irabazi nahi badiete lan ugari egin beharko dute Aranbarrik eta Expositok.
Nagusi mailan, azkenik, Usurbilgo Santxo eta Gorrotxategi Gaztelekuko Eskudero eta Erasunen kontra lehiatuko dira. Egungo Euskal Herriko bikote txapelduna da Usurbilgoa, eta esperientzia handia daukana. Ordea, Eskudero inoizko momenturik onenean dago, eta Erasun ere oso sendoa da atzeko koadroetan. Kanporaketa honek utziko du zer ikusia eta zer gozatua.