Behin final-zortzirenak gaindituta, final-laurdenetan sartuko da XII. BERRIA Txapelketa, eta igande honetan jokatuko da estreinako kanporaketa, Tolosako Beotibar pilotalekuan (11:00). Hain zuzen ere, Gipuzkoako bi taldek, Usurbilgo Pagazpek eta Amezketako Zazpi Iturrik neurtuko dituzte indarrak. Hasiera batean, hauek biak ziren txapelerako hautagai sendoenak, baina bietako bat bide bazterrean geratuko da. Hori bai, jaialdia goi mailakoa izango da, afizionatu mailan ikus daitekeen onena. Enrike Huitzi eta Xalton Zabala entrenatzaileek ondorengo pilotariak kantxaratuko dituzte.
Kadeteak: Exposito – Aranguren (pagazpe) / Alberdi – Zubeldia (zazpi iturri)
Gazteak: Aranberri – Odriozola (pagazpe) / Zubizarreta – Erauskin (zazpi iturri)
Nagusiak: Santxo – Gorrotxategi (pagazpe) / P.Labaka – Erostarbe (zazpi iturri)
Kadeteetan maila honetako lau pilotari onenak ariko dira ziurrenik. Pagazpeko Exposito eta Aranguren egungo Euskal Herriko txapeldunak dira, baina Zazpi Iturrikoak ere ez dira makalak. Biak lehen urtekoak dira, nola Alberdi hala Zubeldia, eta etorkizun handia dute aurretik. Neurketa orekatua espero da, baina usurbildarrak favorito izango dira, neurri txikian bada ere.
Gazte mailan alderantziz gertatuko da. Aranberri eta Odriozola usurbildarrak koska bat edo bi beherago daude aurkariak baino. Zubizarreta kadetea da oraindik, baina gazte mailan hainbat txapel lortzen ari da. Aurrelari ausarta eta trebea da, eta hark erabaki dezake partida. Erauskinek ere sendotasun handia erakutsi ohi du. Hortaz, bigarren puntu hau Zazpi Iturrik lor dezake.
Baliteke guztia nagusien mailan erabakitzea. Hemen ere lau pilotari goi mailako ariko dira. Batetik, Pagazpek esperientzia jarriko du, Santxo eta Gorrotxategirekin. Hauei irabazteko lan asko egin beharra dago. Bestetik, berriz, ausardia eta bizitasuna jarriko dute kantxan Peru Labaka eta Erostarbek. Aurrelaria trebea da, eta atzelaria jotzailea. Erostarbek baliteke berandu baino lehen Aspera jauzia ematea. Hori bai, Zazpi Iturrik lan asko egin beharko du nagusietan Pagazpe gainditu nahi badu. Kanporaketa bikaina espero da, eta izango da zer ikusia eta zer gozatua.