Aurrera jarraitzen du XII. BERRIA Txapelketak; hasieran Euskal Herriko hamasei talde onenak sartu ziren lehian, baina dagoeneko bi taldek lortua dute finalerdietarako txartela: Usurbilgo Pagazpek eta Andoaingo Gaztelekuk. Bada, Gaztelekuk uste baino errazago gainditu zuen Gasteizko Txukun Lakua Andoainen bertan, igande arratsaldez. Hiru partidetan gipuzkoarrak jaun eta jabe izan ziren, eta etxean jokatzea ederki baliatu zuten. Hala, bere historian bigarrenez, Gazteleku finalerdietan izango da.
KADETEAK. Osa-Aizpitarte (Gazteleku) 22 Uribe-Alvarez de Euslate (Txukun Lakua) 9
Emaitzak berak dioen moduan, askoz gehiago izan zen Gaztelekuko bikotea. Hasieratik gainera. Ohartzerako, 9-1 aurreratu ziren Osa eta Aizpitarte. Atzelariak izugarri astindu zuen pilota eta, horrez gain, baztertu egin zuen. Alvarez de Eulate nahi eta ezin aritu zen, eta Uriberi begira egotea tokatu zitzaion. Ordea, partida erditik kontuak pixka bat aldatu ziren. Osaren bizpahiru huts baliatuta, arabarrak gora etorri ziren, eta tanto batzuk egin zituzten. Hori bai, markagailuan alde handia zegoen: 15-5 eta 17-6. Uribe saiatu zen handik eta hemendik tantoa nahasten, eta erakutsi zuen aurrelari trebea dela. Alvarez de Eulate koska bat beherago dago. Gipuzkoarren aldetik, Aizpitartek partida bikaina jokatu zuen, eta Osak ere aski izan zuen txukun jokatzea puntua eskuratzeko.
GAZTEAK. Oiarbide-Usandizaga (Gazteleku) 22 Lopez de Calle-Puyo (Txukun Lakua) 10
Lehen puntua Gaztelekuk lortu ondoren, gasteiztarrak derrigortuta zeuden bigarren partida irabaztera, baldin eta aurrera egingo bazuten. Garaipenetik urrun geratu ziren, ordea. Partidak hasiera gogorra izan zuen, orekatua, baina tanto guztiak gipuzkoarren aldera erori ziren. Oiarbide serio aritu zen, tontakeriarik egin gabe, eta Usandizagak ez zuen pilota bakar bat ere galdu. Lopez de Callek eta Puyok erakutsi zuten bikote ona osatzen dutela, baina tanto bakar bat amaitzeko ere gai ez ziren izan, eta hórrela zaila da partidak irabaztea. Hasi eta buka, nagusi izan ziren Gaztelekukoak, eta markagailuan aldea lortu ondoren, eroso jokatzeko aukera izan zuten.
NAGUSIAK. Eskudero-Erasun (Gazteleku) 22 Mendinueta-Resano (Txukun Lakua) 13
Nagusien partida hasterako guztia erabakita zegoen; horregatik, presiorik gabe atera ziren lau pilotariak. Eta Gaztelekuko bikoteak askoz hasiera hobea eman zion partidari. Azken orduko hutsunea izan zuten arabarrek, Perez atzelariak etxean geratu behar izan zuelako. Haren lekuan Resanok jokatu zuen, eta nahi eta ezin aritu zen. Erasun nagusi izan zen piloteoan, eta Eskuderok ez zuen tanto bakar bat ere barkatu aurrean. 11-0 aurreratu ziren gipuzkoarrak. 17-2 ere aurretik joan ziren. Gero, erlaxatuta edo, partidatik pixka bat atera egin ziren Eskudero eta Erasun, eta Mendinueta jokoan sartzen hasi zen. Abiadura izugarria eman zion pilotari, eta tanto onak egin zituen. Ordurako, baina, beranduegi zen, eta 22-13ko emaitzarekin arratsaldea biribildu zuen Andoainek.