III. BERRIA Txapelketako hirugarren kanporaketa igande goizean jokatuko da Hernaniko udal pilotalekuan 11,00tan; besteak beste, Bizkaiko bi pilota elkarte izango dira aurrez aurre: Munitibarko Lea Ibarra eta Orozkoko Olgetan. Nabarmentzekoa da Olgetan taldeak estreinakoz parte hartuko duela txapelketa honetan.
Ondorengoak izango dira bikoteak:
Kadeteak: Albizu – Anitua (Lea Ibarra) / Orue – Barbara (Olgetan)
Gazteak : Kortazar – Zezeaga (Lea Ibarra) / Iriondo – Apodaka (Olgetan)
Nagusiak: Uriona – Jaio (Lea Ibarra) / Urretxu – Pagaza (Olgetan)
Lea Ibarra izango da faborito nagusia kanporaketa gainditzeko. Kadeteen artean lehia orekatua espero da, bi bikoteek parte hartu dute Euskal Herriko txapelketan eta maila ona ziurtatuta dago. Akaso, Olgetan faborito izango da.
Alderantziz gertatuko da gazteen artean. Olaburu taldeko Zezeaga fitxatu du Lea Ibarrak, eta hartara bikoteari beste sendotasun bat eman dio. Halere, Olgetan saiatuko da neurketa gogortu eta irabazten.
Nagusietan berriz, oso faborito irtengo da Lea Ibarrako bikotea. Esperientzia handikoa da. Olgetango bikotea ez da ezaguna baina partidak jokatu egin behar izaten dira.
——————————————————————————————————————————————————————————————-
Goizean Hernanin izango bada, arratsaldean 16,30tan Andoainen jokatuko da beste kanporaketa bat. Orain Bizkaiko bi talde ez, Nafarroako bi lehiatuko dira: Burlatako Zugarralde eta Berako Bortziriak.
Kadeteak: Villanueva – Lerga (Zugarralde) / Elzaurdia – Txoperena (Bortziriak)
Gazteak: Antso – Eskirotz (Zugarralde) / Fagoaga – Maritorena (Bortziriak)
Nagusiak: Etxeberria – Azanza (Zugarralde) / Mitxelena – Martinez (Bortziriak)
Kanporaketa berdindua espero da eta edozer gerta daiteke. Kadeteetan Zugarraldek bikote ona du, baina Bortziriakek fitxaketa egin du Aurreratik, Txoperena ekarrita, eta horrek indarrak oreka ditzake.
Gazteetan oso faborito irtengo da Zugarraldeko bikotea. Antso eta Eskirotz kategoria horretan onenetakoak dira, eta gauzak ondo, puntua ziurtatuta izango dute.
Nagusietan berriz, lehia orekatua eta erakargarria aurreikusten da. Gazteagoak dira Bortziriako pilotariak, eta esperientzia gehiago dute Zugarraldekoek. Martínez Bortziriak taldeko atzelaria sasoi onean da, eta ikusleek izango dute zer gozatua.