Abiatu da XIII. Berria Txapelketa, eta ez edonola, maila handiko bi kanporaketa ikusteko aukera izan baita asteburuan. Lehen kanporaketa igande goizez jokatu zen Hernaniko pilotalekuan, eta Uhartek 2-1 hartu zuen mendean Amurrio. Lehen bi partidetan alde dezentea egon zen markagailuan, talde banaren alde, eta hirugarrenean ere tanto onez gozatzeko aukera izan zuten frontoian bildutako pilotazaleek. Nafarrek egin zuten aurrera. Hala, Uhartek orain Usurbilgo Pagazpe izango du aurkari final-zortzirenetan. Pasa den urteko txapelduna, alegia.
Ondorengoak izan ziren emaitzak.
AMURRIO 1 UHARTE 2
Kadeteak: Alava – Gonzalez 22; Peñas – Betelu 4.
Gazteak: Bellido – Garcia 8; Etxeberria – Gurrea 22.
Nagusiak: Gerrero – Legarreta 14; Yoldi – Sarasa 22.
Istorio gutxiko partida izan zen kadeteen artekoa, emaitzak berak dioen moduan. Amurrioko bikotea Arabako txapelduna da, eta pena da txapelketa honetan gehiago ikusteko aukerarik ez izatea. Alava artista da aurrean, eta Gonzalezek ere kolpe bizia du atzeko koadroetan. Hasi eta buka, nafarrak baino gehiago izan ziren.
Alderantziz gertatu zen gazteen arteko norgehiagokan. Etxeberria Huarteko aurrelaria onenetako bat da bere mailan, eta erakutsi zuen zergatik. Era guztietako tantoak egin zituen aurrean, eta Gurrea atzelariaren laguntzarekin, kanporaketa berdintzea lortu zuen. Garcia Amurrioko atzelariak ere lan duina egin zuen.
Hortaz, nagusien demak erabakiko zukeen lehia. Bada, Uhartek hobeto egin zituen lanak, batez ere partida hasierari hobeto ekin ziolako. Sarasa oso seguru aritu zen atzeko koadroetan, eta Yoldik esperientzia baliatuta, aurretik izan ziren: 8-1 eta 14-6. Ordea, kontuak aldatu egin ziren tarte horretan. Legarreta partidan sartu zen, eta nagusi zen atzeko koadroetan. Aukerak ez zituen alferrik galdu Gerrerok, eta arabarrak 14-13 hurbildu ziren markagailuan. Zailena egin ondoren, berriro ere behera egin zuten, eta nafarrek azkenerako garaipen erosoa lortu zuten: 22-14.