XIII BERRIA TXAPELKETA : DANOK LAGUNAK (ORTUELLA) – HERNANI

Joan den igandean jokatu zen XIII. Berria Txapelketako final-hamaseirenetako azken kanporaketa, Hernaniko udal pilotalekuan. Besteak beste, etxeko taldeak Ortuellako Danok Lagunak elkarteak neurtu zituzten indarrak, eta gipuzkoarrak izan ziren nagusi. Harmailetan jende ugari zela, kanporaketa polita ikusi ahal izan zen, eta nagusietan lortutako puntuari esker egin zuen aurrera Hernanik.

 

DANOK LAGUNAK 1 HERNANI 2

Kadeteak : De Valles – Vega 10 Arizmendi – Zugasti 22

Gazteak : De la Torre – Barturen 22 Agirre – Arizmendi 13

Nagusiak : Lopez Aldai – Lopez 10 Ojuel – Aizpitarte 22

 

Kadeteen artekoa partida polita izan zen, nahiz eta markagailuak bestelakoa adierazi. Hernaniko bikoteak aurrea hartu zuen hasieratik, baina ez lanik egin gabe. Piloteoan duin aritu ziren bi atzelariak. Vegak eta Zugastik erakutsi zuten gaia badutela onenen artean ibiltzeko. Ordea, Arizmendi etxeko aurrelariaren kalitateak erabaki zuen lehia. Eskuinarekin urruti jarri zuen pilota, eta gero errematean asmatu zuen. Hura izan zen protagonista.

Gazteen arteko partidan hasieratik izan zen gehiago Bizkaiko bikotea. Barturen atzelariak erakutsi zuen kalitatea baduela. Ez da alferrik Euskal Herriko txapeldunordea. Hernaniko aurrelaria Agirre saiatu zen handik eta hemendik tantoak lortzen, baina Barturenek ez zuen kale egin. De la Torreren laguntzarekin, erraz lortu zuen puntua.

Hala, nagusien partidak erabakiko zukeen guztia. Kantxan maila handiko lau pilotari izaki, neurketa gogorra eta distiratsua espero zen, baina uste baino emozio gutxiago izan zuen. Azpitarte Hernaniko atzelariak izugarri jokatu zuen. Pazientzia erakutsi zuen, eta errebote bat ere jo zuen. Haren lana ez zuen alferrik galdu Ojuelek, erremate bikainak egin baitzituen aurrean. Lopez Aldai baino lehiakorragoa izan zen. Hala, puntu erabakigarria etxean geratu zen.

Orain, Markina izango du aurkari Hernanik final-zortzirenetan.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE