Faboritoaren papera ez da alferrik izaten askotan, eta Errekak ez zuen hutsik egin XIII. BERRIA Txapelketako finalerdietan, joan den ostiralean, Lazkaoko LAPKE elkartearen kontra, Lazkaoko pilotalekuan. Lehen bi partidak irabazita, erabakita utzi zuten guztia nafarrek, eta konfiantzaz gainezka iritsiko dira igandeko finalera. Ondorengoak izan ziren emaitzak.
Kadeteak. Telletxea-Apezetxea 22-13 Ruiz de Larramendi-Baztarrika
Gazteak. Salaberria-Mariezkurrena 22-8 Zubizarreta-Manex Garmendia
Nagusiak. Onsalo-Gorriti 20-22 Urretabizkaia-Xanet Imaz
Erreka faborito zen lehen partidan, baina ederki sufritu behar izan zuen puntua lortzeko. Neurketa 22-13 bukatu arren, gogortasuna nabaria izan baitzen. Lazkaoko Ruiz de Larramendi eta Baztarrika oso indartsu hasi ziren, aurrelaria batez ere, eta aurretik izan ziren markagailuan erdira arte (7-4, 9-6 eta 11-8). Apezetxearen joa izugarria zen, baina Baztarrikak ederki eutsi zion, eta Ruiz de Larramendei gehiago zen aurreko koadroetan. Erdirik aurrera ordea, gipuzkoarrek behera egin zuten fisikoki, eta nafarrak goraka joan ziren. Telletxea partidan sartu zen, baina batez ere Ruiz de Larramendiren opariek erabaki zuten lehia. Huts asko egin zituen, eta azkenean 13an geratu ziren. Apezetxea izan zen partidako onena. Kadete lehen urtekoa izan arren, etorkizun izugarria dauka.
Emaitza horrekin, LAPKE derrigortuta zegoen gazte mailan irabaztera. Bada, justu kontrakoa gertatu zen. Salaberriak eta Mariezkurrenak ongi bezain burutsu jokatu zuten. Jokoz kanpo edukiarazi zuten Zubizarreta, eta Manex Garmendiak bakarrik ezin izan zion partidari eutsi. Nafarrak 16-1 joan ziren aurretik, eta handik aurrera eduki zuen gipuzkoar aurrelariak tantoak amaitzeko aukera gehiago. Markagailua itxuratu zuten, baina Salaberriak eta Mariezkurrenak partida biribila jokatu zuten. Atzelariak sendotasun aparta azaldu zuen, eta Salaberriak agerikoa du onenen artean dagoela.
Nagusien partida hasterako erabakita zegoen guztia, baina halere irudi ona eskaini zuten lau pilotariek. Errekak Onsalo eta Gorriti atera zituen ezustean, esperientzia handiko bi pilotari, eta haiek irabazteko lana gogotik egin behar izan zuten Urretabizkaiak eta Xanet Imazek. Partidako aginte makila Urretabizkaiak eraman zuen, eta eskuin eskuarekin behartu zituen bi aurkariak. Halere, Onsalok eta Gorritik ez zuten inoiz etsi, eta 20 tanto egin zituzten. Azkenerako, 22-20 bukatu zen partida.
Erreka Ilunperen aurka ariko da ekainaren 26ko finalean, Hernaniko Udal pilotalekuan.