XIII BERRIA TXAPELKETA: FINAL ERDIAK

XIII. Berria Txapelketako lehen finalista nor izango den ostiral honetan erabakiko da 18,30tan, Lazkaoko pilotalekuan. Besteak beste, Lazkao bertako LAPKE eta Doneztebeko Erreka lehiatuko dira. Nafarroako taldea izango da faboritoa, baina etxean jokatuko dutela baliatu nahiko dute gipuzkoarrek ezustea emateko. Hasiera batean, kanporaketa ikusgarria espero da, eta baliteke guztia gazteen arteko partidan erabakitzea. Ondorengo pilotariek jokatuko dute.

 

K. Ruiz de Larramendi-Baztarrika / Telletxea-Apezetxea

G. Zubizarreta-Manex Garmendia / Salaberria-Mariezkurrena

N. Urretabizkaia-Xanet Imaz / Barandiaran-Medina

 

Nafarroako bikotea faborito aterako da kadeteen arteko partidan. Orain arte erakutsi duten moduan, oso indartsu daude Telletxea eta Apezetxea, eta ez dute kontrariorik izan. Atzelari goizuetarrak eskuin kolpe bizia du, eta Telletxea ere artista da aurrean. Oso maila oneko pilotariak dira Ruiz de Larramendi eta Baztarrika, baina euren onena eman beharko dute 22ra iristeko. Ruiz de Larramendi bizia da aurreko koadroetan, eta atzelariak laguntzen badio, ezustea emateko gaitasuna badu. Hori bai, nafarrek zail jarriko dituzte gauzak. Tanteoa bera ere garrantzitsua izan daiteke.

Gazteen mailan espero da jaialdiko partidarik orekatuena. Aurreko koadroetan maila horretan bi pilotaririk onenak ariko dira: Zubizarreta eta Salaberria. Hasiera batean, Salaberriak berak atzean abantaila izango du, sasoi puntu onean dagoelako Mariezkurrena. Halere, Manex Garmendia lazkaotarra lan ona egiten ari da, eta horregatik zaila da pronostiko bat egitea. Goierriko bikoteak etxean jokatuko du, eta horrek arriskutsu bihurtuko ditu. Batez ere aurrean lehia ikusgarria ikusteko aukera izango da.

Nagusien mailan, berriz, LAPKE aterako da faborito. Errekak etxean utzi beharko ditu hainbat pilotari: Bakaikoa, Lasa… Beste partida batzuk dituztelako, eta horregatik irabazteko askoz aukera gehiago izango ditu Gipuzkoako taldeak. Urretabizkaia maila horretako aurrelaririk onenetakoa da, eta hark markatu behar luke aldea. Atzean, hori bai, Xanet Imaz izango du, eta ez Garmendia, min hartuta baitago. Nafarroako bikotea Barandiaran eta Medinak osatzen dute. Aurrelaria polita da, baina atzean aldea egon daiteke.

Irabazleak sari potoloa eskuratuko du, hilaren 26an jokatuko den finalerako txartela lortuko baitu.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE